Irailaren 25ean hasi eta urtarrilaren 9ra arte, 22 kultur ekitaldi izango dira Leidorren eta Topic-en. Musika, dantza eta antzerkia eskainiko dira bereziki, baina baita bestelako emanaldi batzuk ere. Udalak ez ezik, beste eragile eta sustatzaile pribatu batzuk antolatutakoak ere jaso dira udazkeneko kultur programazioan.
Xake Produkzioak taldeak osatutako Sidari antzezlanak abiatuko du egitaraua irailaren 25ean Leidorren; obraren estreinaldia izango da. Besteak beste, Oinkari dantza taldearen eta Hika Teatroaren Makilhotsak ikuskizunaz ere gozatu ahal izango da abenduaren 18an. Musika kontzertuek toki handia izango dute: esate baterako, urriaren 16an, Olaia Inziartek kontzertua emango du, eta abenduaren 29an, Mirua talde tolosarra igoko da taula gainera. Gainera, Inziarte nahiz Mirua ikusteko aukera izango da azaroaren 6an, Palestinaren aldeko kontzertuan, Janus Lesterrekin eta beste hainbat artistarekin batera.
Haurrei begirako ikuskizunak ere jasotzen ditu egitarauak, hala nola, musika eta narrazioa uztartzen dituen Xirribit emanaldia, Euskal Barrok Ensemblerena, Ene Kantak proiektuaren Amagoia Dragoia eta Lasala dantza taldearen Alai Familian.
Eszena bonua gaurtik eskuragarri
Kultur eskaintzaz ahalik eta modu onenean gozatzeko, udalak Eszena bonuak jarriko ditu eskuragarri. Gaurtik aurrera izango dira salgai online eta leihatilan, 45 euroren truke. Kontuan izan behar da bonuak barne hartzen dituen emanaldietarako sarrerak banan-bana erosiz gero, bonurik gabe, 90 euroko kostua izango luketela.
Ondorengo 10 emanaldietarako balio du bonuak: Xake Produkzioak taldearen Sidari antzezlana, Olaia Inziarteren kontzertua, Komorebi Produkzioak taldearen iZuloa, Euskal Barrok Ensembleren Xirribit, Ttanttaka Teatroaren Desobedienteak 18/98, Lasala dantza taldearen Alai Familian, Dejaburen Itzulera, Ene Kantak proiektuaren Amagoia Dragoia, Oinkari dantza taldearen eta Hika Teatroaren Makilhotsak ikuskizuna eta Euskal Herriko Gazte Orkestraren emanaldia.
Aukera baliatu nahi dutenek, bonuarekin batera, joan nahi duten ikuskizun horietako bakoitzerako sarrera ere eskuratu behar dute, bonuko kodea erabilita. Uztailaren 17tik 24ra bitartean lehentasuna izango dute bonudunek sarrera horiek lortzeko; baina behin epe hori pasata, uztailaren 25etik aurrera, salmenta ikus-entzule guztiei zabalduko zaie, eta honenbestez, lehentasun epea amaituko zaie bonudunei. Ikuskizun baterako sarrerak agortu badira, ezingo da bonua trukatu.
EGITARAUA
- Irailak 25, ostirala. (Leidor antzokia. 20:00). Sidari - Xake Produkzioak.
- Irailak 27, igandea. (Leidor antzokia. 12:30). La Cenicienta.
- Urriak 2, ostirala. (Leidor antzokia. 20:30). Perdido en los 80 – Diego Sánchez.
- Urriak 4, igandea. (Leidor antzokia. 12:30). Loa eta Laia – Vitamin Producciones.
- Urriak 9, ostirala. (Topic. 20:00). Lur – Maddi Oihenart eta Juantxo Zeberio.
- Urriak 16, ostirala. (Leidor antzokia. 20:00). Zerrautsa eta Zura – Olaia Inziarte.
- Urriak 18, igandea. (Leidor antzokia. 12:30). Dreaming Bubbles.
- Urriak 23, ostirala. (Leidor antzokia. 20:00). iZuloa – Komorebi Produkzioak.
- Urriak 30, ostirala. (Topic. 20:00). Haltzak Dardarka – Garazi Esnaola.
- Azaroak 6, ostirala. (Leidor antzokia. 20:30). Palestinaren aldeko kontzertua: Olaia Inziarte, Mirua, Janus Lester, Nur eta Ahmed...
- Azaroak 7, larunbata. (Leidor antzokia. 17:00). Xirribit – Euskal Barrok Ensemble.
- Azaroak 13, ostirala. (Leidor antzokia. 20:00). Desobedienteak 18/98 – Ttanttaka Teatroa.
- Azaroak 14, larunbata. (Leidor antzokia. 17:00). Alai Familian – Lasala dantza taldea.
- Azaroak 20, ostirala. (Leidor antzokia. 19:30). Xexili eguneko kontzertua: Tolosako Musika Banda + Tolosako musika taldeak.
- Abenduak 11, ostirala. (Leidor antzokia. 20:00). Itzulera – Dejabu.
- Abenduak 12, larunbata. (Leidor antzokia. 17:00). Amagoia Dragoia – Ene Kantak.
- Abenduak 18, ostirala. (Leidor antzokia. 20:00). Makilhotsak – Oinkari dantza taldea eta Hika Teatroa.
- Abenduak 19, larunbata. (Topic. 19:30). Birakabareta – Intujai.
- Abenduak 29, asteartea. (Leidor antzokia. 19:00). Gazte eta Lorios - Mirua.
- Urtarrilak 2, larunbata. (Leidor antzokia. 19:00). Mundua Eder – Mikel Urdangarin.
- Urtarrilak 4, astelehena. (Leidor antzokia. 18:00). Euskal Herriko Gazte Orkestra.
- Urtarrilak 9, larunbata. (Leidor antzokia). Go!azen 13.