Elkarrizketa

«Ikusgarria izan da orain arte egin den lana»

Imanol Garcia Landa 2026ko uztailaren 16a

Denboraldi ondorengo entrenamendu batzuk antolatzera etorri, eta azkenean datorren denboraldiko Iruki TAKEko entrenatzaile bezala ariko da Iñaki Merino.

Iñaki Merino (Gasteiz, 1977) da Iruki TAKE gizonezkoen saskibaloi taldeko lehen entrenatzaile berria. Curriculum potoloa du: Araberri klubeko kategoria guztietan egon ondoren, Baskonian laguntzaile izan zen, hiru Europako Txapelketatan egon da Espainiako selekzioarekin, Austrian ere egon da entrenatzen, eta Iraurgin lehen entrenatzailea izan da 2. FEB mailan.

Nola sortu da TAKEra iristea?

Denboraldi ondorengo entrenamenduak egitea eskaini zidaten TAKEtik. Hilabete pasatxo egon naiz, eta oso sentsazio onak izan nituen hasieratik. Oso ondo jaso ninduten zuzendaritzatik eta jokalarien aldetik, eta jokalariek egindakoek oso sentsazio onak sortu zizkidaten. Klubak galdetu zidan ea animatuko nintzatekeen lehen taldeko entrenatzaile izatea, eta ez nuen asko pentsatu. Jokalariek erakutsitakoaz gain, klub serio bat dela iruditzen zait, hazteko gogoz, eta oso identifikatuta nago ikusitakoarekin, eta gogoz ekin diot esperientzia berri honi.

Zenbat denborarako izango da?

Normalean kategoria hauetan urte beterako izaten da. Zerbait hasten naizenean nire asmoa izaten da denbora luzerako izango den zerbait eraikitzea. Aldi berean, edozein momentutan puskatu daiteke, ikusi egin behar delako nola doazen gauzak eta ea pentsatu bezala funtzionatzen duten. Denboraldi bat baino gehiago egoten banaiz, seinale ona izango da.

Ni fruituak jasotzera nator, orain arte egin den lana ikusgarria izan delako. Jokalari oso gazteak dira, eta ziurrenik beraien urte onenak etortzeke daude, eta gero eta gehiago hazten laguntzen badiegu, denboraldi hobeak etorriko dira. Taldeak badu hazteko eta lehiatzeko tartea, eta hori da erakarri ninduen gauzetako bat.

Taldearen jarduna ezagutzen zenuen?

Bai, eta jokalariren baten aurka jokatu izan dut, edo selekzioan izan dut ere jokalariren bat, eta erreferentziaren bat banuen. Entrenatzaileek kategoria honetako taldeei jarraipena egiten diegu, baina ezustekoak jaso ditut. Entrenamenduetan ikusten diren gauzak ez dira agian gero partidetan ikusten, urduritasunagatik-eta.

Helbururik zehaztuta dago datorren denboraldirako?

Orain arte lortu duen mailan jarraitzea. Uste dut eskualderako luxu bat dela horrelako talde bat izatea kategoria honetan, eta egiten ari den jokoa, eta gutxienez horrela jarraitzea da helburua. Denoi gustatzen zaigu irabaztea, beraz, begirada goi aldera jarrita, baina horraino iristeko aurretik pauso asko egin behar dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!