Kirol instalazioen emakida garaiz argitaratzeko mozioa onartu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 14a

Indarrean dagoen kontratua amaitzeko hilabete gutxi falta direnean, kontratuaren kostuen egituraren proposamena onesteko eta hura izapidetzeko ahalmena alkateari ematea onartu du udalbatzak, gehiengoz. EAJk «kontratu berriaren atzerapena» salatu du, eta adierazi du kontratazio saileko teknikariaren ordezkoa falta izan delako gertatu dela.

Gaur egun, Tolosako kirol instalazioen kudeaketaz arduratzen den Kirolzer enpresari irailean amaituko zaio kontratua, eta, ondorioz, urrian sartuko da indarrean lizitazio berria. Bada, udal gobernuak, kontratazio sailak proposatuta, urgentziazko mozio bat gehitu zuen ekaineko ohiko osoko bilkuran hartu beharreko erabakien zerrendan, eskualdeko osasun zerbitzuari buruzko mozioarekin gertatu ez bezala.

Bost milioi eurotik gorako kontratua da –BXPort eta Kirolzer enpresekin izandako azken bi kontratuak baino garestiagoa–, eta, ondorioz, kostuen egitura aintzat hartzeko txosten bat aurkeztea derrigortzen du legeak. Bost operadore ekonomikorengana jo du udalak, haien kostuen egitura eskatzeko. Indarrean dagoen kontratua amaitzeko hiru hilabeteren faltan, kostuen egituraren proposamena onesteko eta hura izapidetzeko ahalmena alkateari ematea proposatu zioten oposizioari, izapideak azkartu eta emakida berria garaiz argitaratzeko.

Biotza Agirre zinegotzi jeltzaleak iragarri zuen EAJk abstentziora joko zuela. Jeltzaleak ez datoz bat udal gobernuaren kudeaketa moduarekin. «Jada atzeratuta goaz, eta ez dugu uste urriaren 1ean kontratu berriarekin funtzionatzen egoteko moduan izango garenik. Udal gobernuak lehenesten dituen sailak ez datoz bat udalak funtzionatu ahal izateko lehenetsi beharrekoekin», salatu zuen. Horren ondorioz, nabarmendu zuen «kontratu garrantzitsu guztiak atzerapenarekin» gauzatzen ari direla –kiroldegiarena, Hiribusarena eta Emeterio Arrese zentroarena aipatu zituen–, eta hori, kontratazio saileko teknikari ordezkoaren faltagatik gertatu dela.

Iazko azaroan utzi zuen lanpostua, eta plaza hori betetzeko hautaketa prozesua joan den maiatzean onartu zen Tokiko Gobernu Batzarrean. «Oso berandu gabiltza. EPEa langileak bere lanpostua utzi aurretik ateratzea zen egokiena. Ez da ulergarria hainbeste denbora igaro eta gero egitea», adierazi zuen zinegotzi jeltzaleak.

Joxe Mari Villanueva zinegotzi sozialistak ere abstentziora jo zuen. Esan zuen «behar besteko aurrerapenik gabe» abisatu ziotela, eta ez zuela denborarik izan gaia aztertu, eta hitzartzea prestatzeko. Zinegotziak gaineratu zuen gaia teknikariarekin «kontrastatzen» saiatu zela.

Josune Sanz kontratazio saileko zinegotziak erantzun zion oposizioari, eta esan zuen hautaketa-prozesuak «izaten ari diren abiadura udal gobernuaren lerro nagusietako bat» dela. Gaineratu zuen «eskertzekoa» dela saileko teknikariak egiten ari diren «lan izugarria», besteak beste kontratazio sailekoarena, «prozesu asko martxan ditugulako». Sanzek espero du prozesua urte amaierarako behin betiko egonkortzea, eta aipatu zuen kontratazioan ere bi baja izan zirela azaroan, eta postuak bete egin direla «hutsik utzi gabe, nahiz eta arlo honetan lan-karga handia izan».

Halaber, Kristina Pelaez EH Bilduko zinegotziak gogorarazi zuen bozeramaileen bileran aipatu zela mozioa, eta orduan azaldu zutela zein izapide egin beharko zituzten, eta kontratazio saileko teknikariaren lana eskertu zuen, haren azken egunean kontratua martxan jartzeko prozesua konpondu, azkartu eta erraztu nahi izan zuelako.

«Irudi barregarria»

Andu Martinez de Rituerto alkateak argudiatu zuen administrazioan teknikari edo langile falta izatea «egiturazko arazoa» dela. «Udal batek ezin du nahi duen bezala kontratatu, lan poltsetarZ jo behar du. Zoritxarrez, gure borondatearen kontra, egoerak nahi baino gehiago luzatzen dira».

Agirrek hitza hartu zuen berriro, kontratazio saila «administrazioaren motorra» dela berresteko eta «honek funtzionatzen ez badu, gainerakoak ere ez duela funtzionatzen» nabarmentzeko. «Zein EPE aterako den lehenestea da gakoa, eta hori gobernu batzordean erabakitzen da. Kontratazio sailekoa azaroa baino lehen egin behar zen».

Alkateak amaieran salatu zuen EAJk udal gobernuaren kudeaketaren «irudi barregarria» proiektatzen duela. «Irudipena dut behar baino gehiago eskatzen diedala teknikariei. Lehentasunak markatzen dizkiegu, eta haiek ahal dutena egiten dutela erantzuten digute. Ezin dute beti garaiz eta behar bezala erantzun. Zorionez, hemen gauden guztiok lanerako gaitasun eta ardura handia dugu. Kudeaketa txarra egiten dugula edo aurreikuspen falta dagoela dioten argudioek ez dute oinarririk. Galdetu administrazio bat kudeatzen duen edonori», esan zuen haserre.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!