Tolosaldeko ospitale publikoa

Atzeratu egin dute eskualdeko osasun zerbitzuari buruzko mozioa

Ataria 2026ko uztailaren 13a

Ospitalea eraiki asmo duten eremua. Iturria: Irekia.

Tolosako EH Bilduk ekaineko osoko bilkuran aurkeztutako 'Tolosalderako osasun zerbitzu integral baten alde' mozioa atzeratzea erabaki du udalbatzak. EAJk, gainera, ospitalearen orubearen lagapenari buruz galdetu dio udal gobernuari.

Tolosako udalbatzaren ekaineko osoko bilkuraren amaieran Tolosalderako osasun zerbitzu integral baten alde mozioa aurkeztu nahi izan zuen EH Bilduk. Oposizioak egun horretan bertan izan zuen mozioaren berri, eta, ondorioz, lehenik eta behin, mozioa osoko bilkurako puntuen artean sartzeko premiatasuna bozkatu behar zuten.

Oposizioak ez zuen begi onez ikusi abisua egunean bertan jasotzea. «Egitera goazena ez da egokia. Eguerdian jaso dugu, eta ez dugu tarterik izan hitzartzea prestatzeko», esan zuen Xarles Iturbe EAJko bozeramaileak. Joxe Mari Villanueva zinegotzi sozialistak ere kritikatu egin zuen udal gobernuak izandako jokabidea: «Ez da serioa azken unean halako proposamen bat egitea. Errespetu falta eta injustizia handia iruditzen zait. Denbora beharko genuke gaiari buruz eztabaidatzeko argudioak prestatzeko».

Andu Martinez de Rituerto alkateak adierazi zuen ez zutela uztailerako plenorako utzi nahi osasun sailari egin nahi zioten eskaera, eta pentsatzen zutela «indartsuagoa» zela udalaren izenean egitea. «Gure asmoa ez zen eztabaida sortzea; mozioan elkarlanerako deia egin behar genuen». Oposizioko bi alderdiek ez zuten beharrik ikusten mozioa bozkatzeko. EAJren iritziz ez zuen premiatasunik, eta bilkuratik erretiratu eta uztailekorako uztea eskatu zuen. Alkateak erantzun zien ez zegoela erretiratzeko arazorik, eta bertan behera utzi zuten.

Lursailen jabeekin biltzeko asmoa

Segidan, galderen eta eskaeren txandan, Iturbek hartu zuen hitza berriro. Ospitalea eraikitzeko osasun sailak beharrezkoa duen orubearen lagapena dela eta udalean egindako eskaerari buruz galdetu zion udal gobernuari. Zehazki, orain arte emandako pausoez eta udalak aurreikusten dituen epeez galdegin zuen zinegotzi jeltzaleak. Gainera, epeei dagokionez, «konpromisoa» hartzea eskatu zion EH Bilduri.

Ander Figuerido hirigintza zinegotziak erantzun zion udalak dagoeneko egin duela HAPOaren aldaketaren tramitazio guztia. «Aldaketa horrek eskatzen zuen Osasun Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ordezkaritza bana izendatzea, eta oraindik zain gaude. Legeak markatzen duen bezala, hirigintza batzorde bat sortu beharko litzateke Eusko Jaurlaritzaren eta udalaren artean», azaldu zuen.

Figueridok gaineratu zuen udalak dagoeneko identifikatu dituela orubeko lursailen bi jabeak, eta bilera formal bat egitea eskatu zaiela, udalak bere gain hartu nahi dituelako lursail horiek. «Ezin dugu eperik eman, erantzunaren zain gaudelako oraindik. Gero, batzordea osatu beharko dugu jabeekin, lagapen eta erosketen egikaritzea eta baldintzak adosteko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!