Indarrean da TAO ordenantza berritua

Ataria 2026ko uztailaren 8a

Trianguloa plazako aparkalekuak bertakoentzat dira orain.

Etxe bereko auto bakoitzarentzat egoiliar txartel bana eskatu daiteke, betiere horietako bakoitza gidabaimen banari lotuta badago; herriko merkatariek ere eskatu dezakete, ibilgailu mistoentzat.

Apirileko osoko bilkuran onartu zuen Tolosako udalbatzak lur gainean aparkatzea arautzen zuen ordenantza berritua. Bada, joan den ostiralean sartu zen indarrean. Ordenantza eguneratzeko prozesuan, udalak herritarren parte-hartzea bultzatu zuen, aurretiazko kontsulta publikoaren eta jendaurrean egondako epean jasotako ekarpenen bidez. Alegazioak aztertu eta egokiak izan direnak txertatu zituzten, araudiaren azken bertsioa osatzeko.

Ordenantzaren helburua da herriko mugikortasunaren antolamendua eguneratzea eta herritarren behar berrietara egokitzea. Halaber, aparkalekuen kudeaketa eraginkorragoa izatea bermatu nahi du, baliabide mugatu baten banaketa bidezkoagoa sustatuta eta hiri-kalitatea zein irisgarritasuna hobetuta.

Araudi berriak aparkaleku motak eta erabilerak zehazten ditu, sektoreka antolatuta, erabilera-denborak eta baldintzak egokituta. Helburua da aparkalekuen txandakatzea bermatzea, trafikoa arintzea eta kolektibo jakin batzuen beharrei arreta berezia jartzea, hala nola mugikortasun murriztua duten pertsonenei.

Hori horrela, errotazioa handitzeko neurriak jasotzen ditu arau berriak. Sektore urdinean, berdean eta marroian lehen 20 minutuetan doan aparkatu daiteke –tiketa jarri behar da–, mandatu eta egiteko azkarretarako. Bestalde, sektore marroian, bakarrik 90 minutuz aparkatu daiteke.

Egoiliar txartelak

TAO egoiliar txartelak dagokien gunean aparkatzeko baimena ematen die herritarrei, betiere sektorearen baldintzak errespetatuz. Erroldatuta dauden gunerako txartela eskuratzeko aukera dute herritarrek, baldin eta gune horretan garajerik ez badute. Gainera, etxebizitza bakoitzeko ibilgailu bat baino gehiagorako txartela eskuratu daiteke, baldin eta horietako bakoitza gidabaimen bati lotuta badago. Edonola ere, eskaera autoaren jabeak edo titularrak egin behar du. Herriko landa-auzoetan bizi direnek ere eskatu dezakete TAO txartela; kasu honetan, 4. gunerako.

Merkatariek txartel bereizgarria ere lortu dezakete, jarduera ekonomikoarekin lotutako ibilgailuentzat; mistoak izan behar dute eta txartel bakarra izango dute. Bestalde, gremioek tarifa berezia izango dute TAO tiketa lortzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!