Eraitsi SL kale-antzerkiak zabalduko du, igandean, aurtengo Kultura Plazara. Larramendiko plazan izango da, 19:00etatik aurrera. Uztaileko egitaraua osatuko dute, Bea Larrañagaren klown ikuskizunak, Tolosako Udal Musika Bandaren emanaldiak eta Zuhamu dantza bertikalak. Abuztuan hiru hitzordu izango dira, Ignacio Arakistain eta Hodeiertz abesbatzaren emanaldia, 1936ko Liburuen Erreketaren irakurraldia eta Petti eta Etxeko Uztaren kontzertua.
Zumardiaundian izango da eskaintza handiena irailaren 11n eta 12an: IOI Haatik eta Jone San Martinen dantza emanaldia, eta Mugan taldearen eta Bele Lide Hernandoren musika proiektuaren kontzertuak izango dira lehen egunean, eta bigarrenean, Kattalin eta Nenufarrak, Bengo eta Gere ariko dira; J.M.Brutal kale-antzerkia ere izango da ikusgai.
Sortzaileen azoka
Bestalde, azken egun horretan Tolosaldeko sortzaileen azoka izango da, 11:00etatik aurrera; eskualdeko artisauak eta ekoizleak ezagutzeko aukera eman ohi duen azoka. Postua jarri nahi dutenek uztailaren 16era arte dute izena emateko aukera. Horretarako, mezua bidali beharko dute kultura@tolosa.eus helbidera, eta datu hauek adierazi beharko dituzte: izen-abizenak, aurkeztu nahi duten ekoizpena, harremanetarako bideak (helbide elektronikoa eta telefonoa), sare sozialak eta egiten dutenaren argazki pare bat. Besteak beste, arropa, serigrafia, pintura, eta bitxigintzan ari diren ekoizleei dei egin zaie Tolosaldeko sortzaileen azokan parte hartzera. Izan ere, batetik, euren sorkuntzak ikusgarri egiteko, eta bestetik, elkarren arteko harremana estutzeko topagunea izan nahi du azokak.
Zinema
Uztailean zinema eskaintza ere izango da Leidor aretoan. Beraz, nahi duen herritar orok Leidorren zinemaz gozatzen jarraitzeko aukera izango du. Filmak igande eta astelehenetan –ikuslearen eguna– emango dira, eta karteldegia Tolosa.eus webgunean izango da ikusgai.
Landa auzoetara, autobusez
Ohikoa den moduan, Beste plazak lelopean, landa auzoetara zabalduko da udako kultur eskaintza. Horietara joateko joan-etorriko autobus zerbitzua egongo da eta emanaldia hasi baino ordubete lehenago irtengo da autobusa San Frantzisko pasealekuko geltokitik; abuztuaren 29an Aldabara joateko, Bedaiora irailaren 5ean, eta Urkizura irailaren 26an.
Zerbitzua doakoa bada ere, beharrezkoa izango da izena aldez aurretik ematea kultura@tolosa.eus helbidera idatzita. Erreserba egitean, izen-abizenak, erreserbatu nahi den plaza kopurua eta harremanetarako telefono zenbakia zehaztu beharko dira.
EGITARAUA
- UZTAILAK 12, IGANDEA
- 19:00. Eraitsi SL antzezlana, Larramendiko plazan.
- UZTAILAK 16, OSTEGUNA
- 19:00. Bea Larrañagaren klown ikuskizuna, Plaza Zaharrean.
- UZTAILAK 19, IGANDEA
- 20:00. Tolosako Udal Musika Banda, Lopez Medizabalen.
- UZTAILAK 26, IGANDEA
- 19:30. Zuhamu dantza bertikala, Zabalarreta parkean.
- ABUZTUAK 10, ASTELEHENA
- 20:00. Ignacio Arakistain & Hodeiertz Abesbatza, Andre Maria elizan.
- ABUZTUAK 11, ASTEARTEA
- 11:00.1936ko Liburuen Erreketa: Irakurraldia, Plaza Zaharrean.
- ABUZTUAK 29, LARUNBATA
- 18:00. Petti & Etxeko Uzta, Aldaban.
- IRAILAK 4, OSTIRALA
- 19:00. La llegada antzezlana, Berazubin.
- IRAILAK 5, LARUNBATA
- 18:00. Alurr, Hamaikua ikuskizuna, Bedaion.
- IRAILAK 11, OSTIRALA
- 19:00. IOI Haatik + Jone San Martinen dantza ikuskizuna, Zumardiaundian.
- 20:00. Mugan, Zumardiaundian.
- 22:00. Bele, Zumardiaundian.
- IRAILAK 12, LARUNBATA
- 11:00. Tolosaldeko sortzaileen azoka, Zumardiaundian.
- 13:00. Kattalin eta Nenufarrak, Zumardiaundian.
- 18:00. J.M.Brutal antzezlana, Zumardiaundian.
- 20:00. Bengo, Zumardiaundian.
- 22:00. Gere, Zumardiaundian.
- IRAILAK 26, LARUNBATA
- 18:00. Niko Etxart eta Hapa Hapa, Urkizun.