Emakumeen eta indarkeria matxistaren beste biktima batzuen arreta hobetzeko Erakundeen Arteko Jarduketarako eta Koordinaziorako II. Tokiko Protokoloa sinatu dute Tolosako Udalak eta herriko hainbat eragile eta zerbitzuk. Horrela, 2014an onartutako lehen protokolo zaharkitua eguneratu eta indartu dute, maiatzeko osoko bilkuran onartu ondoren, azken urteetako lege-aldaketetara eta gizartearen errealitate berrietara egokituta.
Protokolo berriaren helburua da indarkeria matxistaren biktimei arreta koordinatua, integrala eta kalitatezkoa bermatzea, udalerrian esku hartzen duten erakunde eta profesional guztien arteko lankidetza sendotuta. Horretarako, arreta-prozedurak eguneratu eta koordinazio-mekanismoak indartu dituzte, eta etengabeko hobekuntza izango duen tresna gisa planteatu dute protokoloa.
Protokoloak, gainera, ikuspegia zabaldu egiten du. Genero-indarkeriaz harago, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak jasotzen ditu, hala nola sexu-indarkeria, indarkeria bikarioa, indarkeria digitala eta LGTBIQ+ pertsonen aurkako indarkeria, betiere intersekzio ikuspegitik eta biktimen eskubideak erdigunean jarrita. Halaber, indarkeriaren ondorioak jasaten dituzten adingabeak eta hurbileko pertsonak ere kontuan hartzen ditu.
Era berean, erakundeen arteko koordinazio-mahai iraunkorra sendotzen du protokoloak. Tolosako Udaleko Berdintasuna Sailaren gidaritzapean, honako hauek parte hartu dute, besteak beste: udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Osakidetza, Asuncion Klinika, Gipuzkoako Gizarte Larrialdietako Foru Zerbitzua, Lanbide, Tolosaldea Garatzen eta herriko mugimendu feministaren ordezkariak, Tolosako Asanblada Feministaren bidez.
Protokolo honekin, Tolosak berretsi egiten du emakumeen eta indarkeria matxistaren beste biktima batzuen eskubideak bermatzeko duen konpromisoa, arreta hobetzen, prebentzioa indartzen eta erakundeen arteko lankidetza sendotzen jarraitzeko.