Sexu indarkeria egoerei erantzuteko protokolo berria onartu dute

Ataria 2026ko ekainaren 12a

Udal zerbitzu eta eraikinetan jarduteko protokoloa da; udal musika eskolaren arautegia berritzea ere onartu du udalbatzak maiatzeko osoko bilkuran.

Tolosako Udalak sexu indarkeria egoerei erantzuteko aurrerapauso bat eman du. Izan ere, maiatzeko osoko bilkuran, udalbatzak aho batez onartu du halako egoeren aurrean udal zerbitzu eta eraikin publikoetan jarduteko protokoloa. Goiuri Ezeiza udal gobernuko zinegotziak azaldu du protokoloaren helburua «irizpide argi eta bateratuak ezartzea» dela, «prebenitzeko eta arreta eta erantzun egoki bat eman eta bermatzeko».

Ezeizak esan du sexu indarkeria egoeren aurrean udalak ezin duela beste alde batera begiratu, eta erakunde publiko gisa «prest» egon behar duela. «Gure erantzukizuna da gune seguruak eta indarkeriarik gabeak eskaintzea, bai herritarrentzat, baita udal langileentzat ere». Gaineratu du protokolosa «tresna praktikoa» dela azken horientzat, «materiala eskura eduki eta erantzun azkarra emateko».

Ia hiru hamarkadako araudia

Bestetik, udalbatzak lehen onarpena eman dio Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolaren Araudiari buruzko irizpenari. Aurreko araudia 1990eko hamarkadakoa zen, eta Ezeizak adierazi duenez ia lau hamarkadatan asko aldatu dira musika eskola bera, hezkuntza errealitatea, udal antolaketa eta herritarren beharrak. «Helburua da gaur egungo funtzionamendurako araubide egokiagoak, argiagoak eta modernoagoak ematea», azaldu du zinegotziak.

Ezeizak nabarmendu du araubidean jasotzen denak musika eskolako komunitate osoari eragiten diola, hau da, ikasleei, irakasleei, zuzendaritzari eta administrariei. Gaineratu du «prozesu luzea» izan dela, eta zuzendaritza talde osoa eskertu du, bereziki, Amaia Lizaso zuzendaria. «Tolosan hain estimatua den erakunde bati funtzionamendu egokiago bat ahalbidetuko diogu», esan du zinegotziak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!