Gipuzkoako Foru Aldundiak uda baliatuko du N-I errepideko hainbat puntutan kontserbazio- eta hobekuntza-lanak egiteko, bide-segurtasuna indartzeko eta azpiegituraren egoera hobetzeko helburuarekin.
Jarduketa nagusia asteburu honetan hasiko da Tolosan. Bertan, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamentuak 1,615 milioi euroko inbertsioa egingo du N-I errepideko ia bi kilometroko zatian zorua berritzeko. Lanak hiru fasetan egingo dira, hainbat asteburutan banatuta.
Afekzioa ahalik eta txikiena izan dadin, lanak udako asteburuetan programatu dira, trafiko-intentsitatea txikiagoa izaten den garaian. Gainera, mota honetako jarduketek eguraldi-baldintza egonkorrak eskatzen dituzte, lanak behar bezala gauzatu ahal izateko.
Tolosatik igarotzen den N-I errepide tartearen jarduketak Gipuzkoako errepide-sareko trafiko handieneko gune baten baldintzak hobetuko ditu; errepidea segurtasun- eta iraunkortasun-baldintza onenetan mantentzea helburu. Zorua berritzeak galtzadaren atxikimendua hobetuko du, zirkulazioaren segurtasuna areagotuko du eta azpiegituraren narriadura saihestuko du.
Asteburu honetako lanak uztailaren 3an, ostirala, 22:00etan hasiko dira, eta uztailaren 5ean, igandea, 22:00etan amaituko dira. Horretarako, trafikoa Donostiaranzko galtzadatik desbideratuko da by-pass baten bidez. Era berean, itxita egongo da Gasteizerako noranzkoan dagoen N-I-436 lotunea (Santa Lutzia), bai N-I errepidetik Tolosa iparraldera irteteko, bai Tolosatik N-I errepidera sartzeko. Ordezko sarbide gisa, Tolosako erdiguneko (Usabal) edo hegoaldeko (Bentaundi) lotuneak erabili ahal izango dira. Lanak amaitutakoan, igandeko 22:00etatik aurrera, zirkulazioa ohiko egoerara itzuliko da.
Bigarren lan-fasea uztailaren 17tik 19ra egingo da. Fase horretan, 435,035 eta 435,500 kilometro-puntuen arteko zatian jardungo da.
Azkenik, hirugarren asteburu batean, Donostiaranzko noranzkoan dagoen 435,500 eta 437,080 kilometro-puntuen arteko zatiko zorua berrituko da. Horretarako, berriro ere by-pass bidezko desbideratzea ezarriko da, eta Tolosa Iparraldeko lotunea itxita egongo da.