Iaz bezala, ia Iruñeko San Fermin jaiekin bat egingo dute aurten Amarotz auzokoek. Ostiralean, 15:30ean lehertuko den suziriarekin emango diete hasiera festei, eta igande gauera bitarte luzatuko dira. Ohikoa den moduan, hiru eguneko egitaraua antolatu dute. Iaz, zenbait moldaketa egin zituzten ekitaldi gehiago sartzeko, eta aurten ere, auzotarrek nahiz herritarrek ez dute aspertzeko aukera handirik izango.
Egitarauari dagokionez, badira berritasunak. Batetik, lehen egunean mozorro gaua egingo dute. Afarira mozorrotuta joateko deia egin du jai batzordeak. «Garai batean mozorrotzen ginen auzotarrak, baina hori egiteari utzi genion gerora. Aurten, ohitura berreskuratu nahi dugu», azaldu dute. Bestetik, helduen futbol partida antolatu dute igande goizerako; orain arte, haurren futbol partida antolatzen zuten. Azkenik, aurten ez dute danborrada egingo. Iaz, epe luze baterako egun eta ordu zehatza jartzea zen jai batzordearen nahia, baina aurtengo jaietarako ez dute antolatu.
Gainerakoan, egitarauan lekua egin diete parte hartze handia izaten duten urteroko ekitaldiei, hala nola Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua, dianak, ajoarriero lehiaketa, sagardo dastaketa, haurrentzako puzgarriak, artisau azoka, auzo bazkaria eta sardina jatea. Iaz, bingo musikatua egin zuten lehen aldiz, eta arrakastatsua izan zenez, aurten berriro egingo dute, larunbat arratsaldean. Gauetan, nabarmentzeko musika saioak izango dira auzoan: Worker shoes, DJ Naza, Manitu eta DJ Mol. Adin guztietako auzotarrek parte hartzen dute Amarotzen antolatzen dituzten jardueretan; noski, festetan, horiek guztiek dute lekua.
Egitaraua
- Uztailak 3, ostirala
- 15:30. Jaien hasiera iragartzeko suziria eta buruhandia.
- 16:00. Haur jolasak festagunean.
- 17:30. Txokolatada Itun-Txulo elkarteak prestatuta.
- 18:00. Beti Gazteak lokalean karta jokoen final.
- 18:00. Rosa Gelatsen 'La vida Toroidal' zirku ikuskizuna futbol zelaian.
- 19:00. Tolosako Musika Bandaren kontzertua.
- 20:00. Karro poteoa eta mozorro gaua.
- 21:30. Afaria.
- Ondoren. Worker shoes eta DJ Naza goizaldera arte.
- Uztailak 4, larunbata
- 10:00. Diana Konponezinak txarangarekin.
- 10:00. Amarozko Txirrindulari Proba: Javier Goenaga Memoriala.
- 10:30. Haurrentzako puzgarriak eta tailerra.
- 12:00. Ajoarriero lehiaketa.
- 14:30. Ajoarriero lehiaketako sari banaketa eta auzo bazkaria.
- 15:30. Haurrentzako puzgarriak.
- 16:30. Bingo musikatua.
- 19:30. Sagardo dastaketa Kalean txarangak girotuta.
- 21:30. Parrillada.
- 23:00. Manitu musika taldea eta ondoren DJ Mol goizaldera arte.
- Uztailak 5, igandea
- 09:00. Diana Tolosako Udal Txistulari Bandarekin.
- 10:00. Helduentzako futbol txapelketa.
- 11:00. Artisau azoka eta eskulan erakusketa.
- 14:30. Auzo bazkaria eta karta-jokoen sari banaketa.
- 16:00. Dantzaldia Perurekin.
- 18:30. Toka txapelketa.
- 20:00. Sardina jatea.
- 22:30. Jaiei amaiera.