Tolosak ere ezin izan du txapela jantzi

Ataria 2026ko ekainaren 29a

Azkoitiarrak goian txapelekin eta garaikurrekin, eta tolosarrak behean garaikurrekin, finala jokatu berritan. Argazkia: Gipuzkoako PIlota Federazioa.

2-1 galdu zuen Azkoitiaren aurka gomazko paletako modalitateko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalean. Bezperan Adunak galdu zuen eskuzko finala pilotaleku berean. 

Atzo, gomazko paleta modalitateko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finala jokatu zuten Tolosak eta Azkoitiak Donostiako Atano III pilotalekuan. 2019ko finala errepikatu zuten Tolosak eta Azkoitiak. Orduan, azkoitiarrek irabazi zuten, baina tolosarrek errebantxa nahi zuten. Azkenean, ordea, orduko zapore gazi-gozo berarekin geratu ziren, eta txapelik gabe itzuli ziren etxera, bezperan adunarrei gertatu moduan.

Lehenik, Tolosako Jon Aldazabal eta Azkoitiko Iker Epelde aritu ziren kantxa osoan. Erraz irabazi zuen azkoitiarrak: 20-3. Binakako neurketan, finala berdindu zuen Tolosak. Karim Laamirnik eta Julen Izagirrek 20-14 hartu zituzten mendean Azpiroz eta Larrañaga. Azken partidan erabakiko zen garailea. Odei Arregi tolosarrak eta Jokin Aizpuru azkoitiarrak zazpiaren barruan jokatu zuten, eta Aizpuruk lortu zuen garaipena: 20-13. Iñaki Arriolak, Urtzi Erleagak, Unai Etxeberriak eta Gexan Mendizabalek ere jokatu dute Tolosarekin aurtengo txapelketan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!