Txus Blues & Cesar Canutek giro aparta sortu dute Tolosand Blues jaialdian

Ataria 2026ko ekainaren 27a

Lopez-Mendizabal pasealekua musikaz, umorez eta ikusleen parte-hartzez bete da eguerdiko kontzertuan. Jaialdiak asteburuan jarraituko du emanaldi gehiagorekin.

Giro ezin hobean ospatu da gaur, 13:00etatik aurrera, Txus Blues & Cesar Canut bikotearen kontzertua Tolosako Lopez-Mendizabal pasealekuan, Tolosand Blues jaialdiaren egitarauaren barruan.

Urte luzez Espainian zehar Jose Bluefingersekin batera aritu eta zazpi disko argitaratu ondoren, Txus Bluesek Cesar Canut aukeratu zuen bere proiektuari «energia berria» emateko. Harrezkero, beren konposizio propioak eta blues, rock nahiz beste estilo batzuetako kantuak blues akustikoaren formatura egokituz, umorea eta ironia uztartzen dituzten emanaldi bereziak eskaintzen dituzte. Gaztelaniaz eta katalanez abesten dituzten letrek eguneroko bizitzako gaiak jorratzen dituzte, ikuslearekin berehalako lotura sortuz.

Eta hori guztia agerian geratu da gaurko kontzertuan ere. Lopez-Mendizabal pasealekuan bildutako publikoak gogotik gozatu du emanaldiaz: bertsio ezagunekin irribarrez, abestuz eta dantzan aritu dira, taldearen umorea eta gertutasuna une oro lagun izan direlarik.

Tolosand Blues jaialdiak, ordea, ez du etenik izango. Asteburuan zehar kontzertu gehiago izango dira Tolosako hainbat gunetan, eta bluesaren zaleei musikaz gozatzen jarraitzeko aukera eskainiko diete.

Wax & Boogie feat. Pablo Sanpa

Ekainak 27, larunbata. 19:30. Plaza Berria.

1930eko hamarkadako boogiea, 1940ko hamarkadako swinga eta 1950eko hamarkadako rhythm & bluesa dira Bartzelonako boskote honen errepertorioaren oinarria. Maila handiko taldea da: Pablo Sanpa puntako gitarra-jotzaile madrildarra, Ster Wax abeslari bikaina eta David Giorcelli gaur egun Europan dagoen piano-jotzaile onenetako bat dira taldeko kideak. Erritmo handiko emanaldia egingo dute.

John Primer & Giles Robson Band

 

Ekainak 27, larunbata. 23:00. Plaza Berria.

Primerrek urrezko ukitua izan du hamarkada luzez. South Sideko (Chicago, AEB) tabernetan entzuten zen blues gordinarekiko kidetasun harrigarria indartu egin zen gitarra jotzen igarotako gau kontaezinetan. Gaur egun, Chicagoko bluesaren tradizioaren zaindari nagusitzat jotzen da, eta iaz eta aurten Blues Tradizionaleko Artista Onenaren Saria jaso du Blues Music Awards sarietan. Distira horrek Robson kutsatu du, eta haren trebetasun teknikoak, irudimen diziplinatuak eta erabateko konbikzioak mundu mailako blues harmonika-jotzaile nabarmenen artean kokatzen dute. Paul San Martin piano-jotzaile donostiarrak joko du Primerrekin.

Breaking Band

 

Ekainak 28, igandea. 13:00. Trianguloa plaza.

Rock, funk eta blues tradizionaleko klasikoen bertsioak egiten dituen taldea da. Sei musikari sutsu dira, eta haien soinua B.B. King, Beatles, Pata Negra, Elvis eta abarren elezaharrei egindako omenaldia da.

Acantha Lang

 

Ekainak 28, igandea. 19:30. Plaza Berria.

Acantha Lang gaur egungo soul musikako artistarik nabarmenetako bat da. New Orleansen (Louisiana, AEB) jaioa, abeslari eta konpositoreak Tolosand Blues jaialdian joko du, ikuskizun zirraragarri, dantzagarri eta dotore bat eskaintzeko, estudioko sei musikarik osatutako bandarekin batera.

Erlazionatuak

Umorez jantzitako bluesa

Ataria eka 27, 13:38 Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!