Astebete da Iurramendi pasealekua berritzeko eta bertan bidegorria egiteko lanak hasi zirenetik. Bost hilabeteko iraupena izatea aurreikusten dute, eta guztira, 408.375 euroko inbertsioa egingo du Tolosako Udalak eraberritze lanak egiteko.
Proiektu hau Iurramendiko bizilagun elkartearen eskaria izan da eta helburu nagusi bat du: ibaiaren aldeko pasealekuan izaten diren segurtasun arazoak gutxitzea. Bizikleten joan-etorria handia izaten da eguneko tarte askotan, batik bat eskoletako sarrera eta irteera orduetan. Ibaiertzetik doan pasealekuan oinezkoak eta bizikletak batera ibiltzen dira, eta askotan, arazoak sortzen dira. Etxeetako sarrerak eta oinezkoak babesteko, loreontziak jarri zituzten 2024an. Hala ere, bizikleten fluxua aztertuta, beste konponbide bat ematea hobetsi da, egoera hobetu zen arren, oraindik ere arriskuak sortzen baitira.
Bigarren helburua Tolosako bidegorri sarearen bi adarrak batzea da, Araba etorbidekoa eta Paper kalekoa. Horren bidez, bizikletaren erabilgarritasuna hobetu eta oinezkoen segurtasuna handitu nahi du udalak. Lan hau egitearekin batera, urbanizazio lanak ere egingo dituzte, Iurramendi pasealekuko etxeen alboko espaloia konpontzeko, besteak beste. Era berean, ibaiertzeko pasealekua berritzeko proiektua ere lantzen hasi da hirigintza saila. Lanak egiteko, aldapan goranzko zirkulazio-erreia ezin da erabili.
Bidegorria, gaur egungo aparkalekuetan
Ibilgailuen fluxua aztertu dute proiektua egiterako orduan, eta ondorioztatu dute handiagoa dela beherantz doazen ibilgailuen kopurua. Martin Jose Iraola kaleko aldapara doan bidea ere irekita dagoenez, gora igotzeko aukera bermatuta dago. Erreia kenduta, aparkalekuak bertara mugitu eta gaur egun autoak aparkatzen diren espazioan sortuko dute bidegorria. Espazioa oso mugatua denez, ordea, bidegorriak goranzko norabidea bakarrik izango du. Jaisteko, bizikletek galtzada partekatuko dute. Paper kaleko biribilgunera iritsita, berriz, bidegorriko bi adarretara sarbidea egingo dute.
Iurramendi pasealekuan ez ezik, biribilgunetik SAM zubira arteko zatian ere aurreikusten dituzte lanak, bi norabideetan. Norabide bakarreko bidegorri zatiak egingo dituzte alde bakoitzean, trafikoaren zentzu berean. Errepidea estutuko da horretarako, baita bertan dauden aparkalekuak berrantolatu ere.
Obra gehiago
Tolosako beste bi gunetan ere eraberritze lanak egiten ari dira. Batetik, Zumalakarregi pasealekuan, Zubiberriaren eta Lizardi plazaren artean, espaloia berritzen ari dira –argazkia, behean–. Bestetik, 2025eko asfaltatze-planen barruan, Araba hiribidean erdibitzailea kentzen ari da udala, errei bakarrekoa bihurtu eta aparkaleku gehiago lortzeko. 20 plaza berri sortuko dituzte.