Tolosako udaltzainek uniforme berria estreinatuko dute bihar, San Joan egunean. Tolosako Udaltzaingoak berak proposatu eta bultzatu du aldaketa, uniformean zenbait hobekuntza egiteko. Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko irailaren 24ko Aginduak jasotzen duen moduan, aldaketa horren helburua da bide publikoan udaltzainak «errazago» identifikatzea, lanean ari direnean, nahasterik sortu gabe.
Bestetik, udaltzain bakoitzak bere zenbaki-adierazleak eta graduazioa erakutsiko ditu uniforme berrian. Udalak esan duenez, «argi eta garbi» ikusiko dira uniforme pertsonalizatu bakoitzean, «herritarren eguneroko harremanetan eta interakzioetan udaltzain bakoitza behar bezala identifikatzen laguntzeko».
Uniformea aldatzearekin batera, irudi berritu, hurbileko eta modernoa bultzatu eta sustatu nahi du Udaltzaingoak, zeinu grafiko komunak errespetatuz, foru erkidegoaren barruan beste udaltzain batzuekin grafikoki homogeneizatzeko. Eta, batez ere, uniforme berrian jasotako «Tolosar nortasuna» nabarmenduko dela adierazi du udalak.
Azkenik, Oria Sport Wear enpresa tolosarrarekin egindako elkarlanari esker, berrikuntzak egin dira material modernoetan, elastikoetan, erresistenteetan eta transpiragarrietan, langileak eguneroko eginkizunetan erosoago aritzeko.