ELKARRIZKETA

«Jende askok, Maldivetara joan ondoren, berriro itzultzeko gogoa izaten du»

Imanol Garcia Landa 2026ko ekainaren 28a

Ainhoa Sanz tolosarra Maldivetan. ATARIA

Pribilegiatua sentitzen da Ainhoa Sanz «paradisu» batean bizi delako, baina argi du gogor lan egin duela hori lortzeko eta proiektu bat martxan jartzeko. Maldivetan itsasoa deskubritu duela esan du.

Bizitzako lehenengo hiru urteak Bilbon bizi ondoren, Ainhoa Sanzek (Bilbo, 1998) ia bizitza osoa Tolosan egin du. Orain hiru bat urte inguru ordea, Maldivetara joan zen bizitzera. Bere bikotekide Itterekin batera Maaren proiektua jarri berri du martxan, bisitariei benetako Maldivak erakusteko. Webgunea sortzekotan daude, baina oraingoz Instagram erabiltzen dute haien berri emateko. Indiako ozeanoan dagoen herrialdetik erantzun ditu Atariaren galderak.

Noiz joan zinen lehen aldiz Maldivetara?

Lehenengoz etorri nintzen 2023ko urtarrilean, oporretan. Astebete etorri nintzen, baina Tolosara bueltan nindoala banekien berriro itzuliko nintzela. Urte hartako apirilean lanera etorri nintzen bueltan.

Nolatan jakin zenuen itzuliko zinela?

Nik uste dut bertako lasaitasuna edo bizitzeko modua izan zela. Zerbaitek harrapatu ninduen. Ni berez erizaina naiz, baina hemen ez dut inoiz erizain lanik egin. Lehenengo aldiz etorri nintzen snorkeleko gidari modura, eta ondoren, egin nuen prestakuntza urpekaritzako instruktore izateko. Gaur gaurkoz urpekaritzako instruktore naiz. 

Lehen aldiz oporretara joan zinenean bazenekien snorkel egiten?

Bai, eta orduan urpekaritza probatu nuen lehen aldiz, baina, hala ere, ez zitzaidan piztu lan horretan hasteko nahia; orokorrean itsasoak erakarri ninduen. Maldivetan erizain lan baten bila hasi nintzen, baina ez zidan inork erantzun. Azkenean aurkitu nuen snorkel gidari bezala lan egiteko aukera, eta orduan etorri nintzen berriro bueltan Maldivetara.

Beraz, bertara itzultzeko gogo bizia piztu zitzaizun.

Eta ez dakit zergatik zehazki. Jende askok, Maldivetara joan ondoren, berriro itzultzeko gogoa izaten du.

Noiztik duzue Maaren izeneko proiektua martxan?

Maaren 2025eko amaieran sortu genuen. Aurretik bai snorkel gidari lanetan, eta baita ondoren urpekaritzako instruktore lanetan ere ibili nintzen urtebetez. Lana uzterakoan sortu zen Maaren martxan jartzeko ideia. Nire bikotekidea, Itte, bertakoa da eta bera ere urpekaritzako instruktorea da.

Zer eskaintzen duzue?

Jendea benetako Maldivetara gerturatu nahi dugulako sortu dugu Maaren proiektua. Hau da, guk pentsatzen dugu egiten diren bidaia gehienak azalean gelditzen direla. Itsasoa eta listo. Eta Maldivak itsasoa dira noski, eta oso polita da gainera, baina askoz gehiago ere badira. Itte bertakoa izanik, eta lekua ezagututa, eta ni hemen hiru urtez bizi eta gero, nahi duguna da hona etortzen den jendeak Maldivak ondo ezagutzea: bertako jendea nola bizi den, zer tradizio dituzten, bertako janaria... Uste dugu Maldivek berezi egiten dutena pertsonak direla. Itsasoa leku askotan dago, eta ur azpiko animalia pila bat ikusi daitezke munduan barrena... Baina Maldivek benetan berezi egiten dituztenak bertako herritarrak dira. Bertakoek nola erakusten dizuten ur azpiko mundua, nola ezagutzen duten ur azpian gertatzen dena —korronteak, mareak, animalien ohiturak—... 

Literalki urez inguratuta bizi dira, eta bizitza osoa pasatu dute ur azpian. Batetik, ur azpikoa ezagutzen dute modu sinestezin batean. Bestetik, hona etortzen diren antolatutako bidaia guztiak taldekakoak izaten dira. Bidaiaria etortzen da beste hogei pertsonekin batera, eta uretan denak elkarrekin egoten dira, eta baita uretatik kanpo ere. Gure aldetik, saiatzen gara talde txikiak antolatzen —10-12 pertsona—. Pertsona batek bakarrik etorri nahi badu, edo familia batek bere kasa ibili nahi badu ere, posible da. Saiatzen gara bertako jendearekin denbora pasatu dezatela: afaltzera gurekin eraman... Adibidez, Ramadana izan zenean gurekin eraman genituen ikusteko nola ospatzen duten baraualdiaren bukaera... Tradizioa eta kultura erakustea da asmoa; gainera, bertako jendeari pila bat gustatzen zaio besteei erakustea.

Itsasoa ezinbesteko ezaugarria da, beraz.

Hona etortzen bazara, bai ala bai itsasora joan behar zara. Maldivek munduko itsas biodibertsitate handienetako bat dute. Ikusi egin behar da. Gainera itsasoa oso lasaia da, oso garbia, eta argitsua. Itsasora sartzeak beldurra ematen dion jendeari esango nioke Maldivetan erraza dela. Jende askok gainera, itsasoan murgiltzeko beldurra galtzen du hemen.

Zer ikusi daiteke, zer bizitu daiteke itsasoan?

Ur azaletik betaurreko batzuekin dena ikusi daiteke. Ez da beharrezkoa urpekaritza egitea eta hogei metrotara jaistea, goitik dena ikusi daiteke: dortokak, marrazoak, arrain pailazoak edo nemoak... Urpekaritza egitean ez dira gauza gehiago ikusten, beste modu batera baizik. Nire ustez, Maldivak ondo ezagutzeko uretara sartu egin beharra dago. Gero, hortik aurrera, guk lagunduko diegu: jendea eskutik heldu izan dugu, igeri egiten laguntzeko.

Bidaia bere osotasunean antolatzen duzue?

Normalean guk dena antolatzen dugu. Jendea gurekin harremanetan jartzen da bidaia erreserbatu baino lehen. Behin Maldivetara iristen diren momentutik, eta alde egin arte, guk dena antolatzen dugu: hotela, barkua aireportutik irlara iristeko, jarduera guztiak... Jendeak bakarrik hegaldia erosi behar izaten du, eta horretarako laguntza behar badu, laguntza ere eskainiko diogu.

Badaude bi astetarako etortzen direnak; eta egoera horietan astebete gure irlan eta beste astebete beste irla batean antolatzen diegu. Berez gure irlan bakarrik antolatzen ditugu bidaiak: Guraidhoon. Irla bakarra ezagutu nahi izatekotan, astebete gomendatuko nuke; eta bi irla ezagutu nahi izatekotan, hamar bat egun izatea beharrezkoa da. Hemendik gutxira beste irla batean ere antolatuko ditugu jarduerak, eta gure asmoa da irla gehiagotara zabaltzea. Guraidhook luzeran 600 metro eta zabaleran 400 metro ditu, eta 3.000 pertsona inguru bizi dira bertan.

Zenbat irlek osatzen dute Maldivak?

Gutxi gorabehera 1.200 irla daude, eta horietatik 200etan baino ez da bizi jendea. Beste 150 inguru resort edo oporlekuak dira. Maldiven ohiko argazkia, ur gainean dauden txabola horiek, alegia, irla pribatuak dira. Hau da, irla osoa da oporleku edo hotel bat. Oso garestia izaten da, eta normalean turista ez da ateratzen irla horretatik. Bertan egiten dituzte jarduera guztiak, urpekaritza eta gainerakoak. Horrelako oporleku batera doanak, gure ustez, Maldivetako gauza asko galduko ditu. Ez dituzte benetako Maldivak ezagutuko. Bestalde, bertakoak bizi diren irla bat ezagutu, eta azken bi gauak-edo oporleku batean pasatzea, aukera ona izan daiteke.

Nondik sortu da Maaren izena?

Izen erraz bat nahi genuen, bai maldivarrek eta baita kanpotarrek esateko. Ni Euskal Herrikoa izanik, eta Itte Maldivetakoa, zerbait mistoa aurkitu nahi nuen. Maren izena, a bakarrarekin, leku batzuetan erreferentzia egiten dio «itsasotik» edo «itsasokoa» den horri. Izen hori hartu genuen, eta a bikoitza jarri genion Maaren sortzeko. Hemengo hizkuntzak —divehi— a bikoitza oso berezkoa du; hain justu hemengo hizkuntzan «aa» hitzak «bai» esan nahi du. Hori da Maaren-en jatorria.

«Izen erraz bat nahi genuen, bai maldivarrek eta baita kanpotarrek esateko»

Nolakoa izaten da zuek proposatzen duzuen esperientziaren egun bat?

Gutxi gorabehera 08:00ak aldera esnatzen gara, gosaltzen dugu, eta 09:00ak aldera jardueraren bat egitera joaten gara, normalean snorkel irteera bat izaten da. Joan gaitezke dortokak, marrazoak, delfinak bilatzera... Eta bidetik zerbait berezia topatzen badugu, hori esperimentatuko dugu. Adibidez, orain hilabete batzuk marrazo bila joan ginela, bat-batean bale urdin bat azaldu zen, eta goiz osoa bale urdinarekin eman genuen. Snorkel egin eta gero, batzuetan beste irla bat ezagutzera joaten gara, edo hondar-banku batera. Bazkaltzen dugu eta gure irlara bueltatzen gara. Orduan aprobetxatzen dugu hondartzan tarte bat egoteko. Ez ditut Maldivetako hondartza guztiak ezagutzen, baina ikusi ditudanetatik politena Guraidhookoa da. 18:30ak aldera eguzkia sartzen da, hotelera itzultzen gara, dutxatu, eta batzuetan joaten gara Maldivetako modu tradizionalean arrantzatzera, edo elkarrekin afaltzera. Batzuetan bidaiariek nahiago izaten dute euren kaxa ibili, beste batzuk gurekin denbora gehiago pasa nahi izaten dute... eta gu horren arabera egokitzen gara.

Zer moduz doa proiektua?

Hasierak ez dira inoiz errazak izaten. Pixkanaka goaz. Egia da AEBen eta Iranen arteko gerrarekin asko jaitsi dela turismoa, jendea beldurrez dago bidaiatzeko. Irlaren ohiko turismo bolumenaren % 20 dago gaur egun.

Itsasoaz inguratuta bizi zara, zer da zuretzat itsasoa?

Nik beti esaten dut itsasoa Maldivetan deskubritu nuela. Inoiz ez dut izan beldurrik-edo itsasoarekiko, baina etorri nintzenean ezagutu nuen mundu bat aurretik ezagutzen ez nuena. Ikusi nuen nire bidea zela. Ni hemen uretara sartzen naizenean, guztiaz deskonektatzen dut, batez ere urpekaritza egiten dudanean. Niri sekulako lasaitasuna ematen dit. Animaliak ikustea sekulakoa da, eta beraiei buruz gero eta gehiago ezagutu, orduan eta bereziagoa izaten da. Jende askok ez du ondo ezagutzen itsasoa. Nik ez dut imajinatzen inor uretan igeri delfinak ikusten ari den bitartean eta triste sentitzen dena. Itsasoa ondo ezagutuko bagenu, denoi gustatuko litzaiguke bertan egotea.

Espero zenuen gaur egun horrelako bizitza izango zenuela?

Orain dela bost urte esan izan balidate horrela biziko nintzela, ez nuke sinistuko. Hona etorri nintzenean ireki zitzaidan bide bat sekula pentsatu ez nuena, baina sentitu nuen nire bidea zela. Beti pentsatu izan dut zerbait nirea sortu nahi nuela, eta orain Maaren proiektuarekin abian jarri dugu hori.

Zenbat aldiz entzun duzu «zer zortea duzun paradisu batean bizitzeagatik»?

Egia da hau paradisu bat dela, eta ez dut ahaztu nahi zer pribilegio dudan hemen bizitzeagatik, eta bereziki egunero uretara sartzeko aukera izateagatik. Beste aldea ere badu, noski: oso gogorra da nire familiatik eta nire lagunengandik horren urruti egotea. Zortea dut hemen bizi naizelako, baina aukera hori landu egin dut. Lehen bi urteak zailak izan ziren, egokitu behar izan nuelako, lan berri bat ikasi nuelako... Beraz, zortea dut, baina gogor ere egin dut lan hau guztia lortzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!