Tolosa Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finalera sailkatu da, pala modalitatean

Ataria 2026ko ekainaren 20a

Andoaini 4-2 irabazi dio finalerdietan. Itzulerako partidak gaur jokatu dituzte tolosarrek Andoainen. Finala hurrengo astean izango da, Azkoitiaren aurka.

Finalerdiak etxean hasi zituzten Tolosako palistek joan den asteburuan. 2-1eko emaitza lortu zuten orduan. Andoainen, gaur, etxekoek lehen partidan aldaketa bat sartu dute, kanporaketa irauli nahi zutela agerian utziz. Taldeko izarra den Loidiren ordez Belaunzaran jarri dute Mendizabalen aurka. Ez zaie nahi bezala atera jokaldia eta tolosarrak 20-14 garaitu du. Horrek kanporaketa ia-ia erabakita utzi du, eta bigarren partidan, binakakoan, bikote berri bati aukera ematea erabaki dute etxekoek. Tolosarrek euren bikotearekin jarraitu dute eta 20-6ko emaitzarekin irabazi dute Izagirrek eta Laarmirnik. Azken partidan ez zegoen ezer jokoan, eta Arregiri atseden eman diote. Taldeko izarraren ordez Aldazabalek jokatu du, eta galtzaile suertatu da, Andoaingo Agirreren aurka: 20-14. Esan behar da partida hori Loidik ere ez duela jokatu.

Finalari begira gogotsu azaldu dira tolosarrak: «Azkoitia izango dugu aurrean, Aia kalean utzi baitzuen atzo. Esperantzarekin gaude, baina badakigu ez dela erraza izango. Saiatuko gara eta ea txapela etxera ekartzen dugun».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!