Lurralde Oreka Berdeko departamentuaren ahultzea salatu dute

Ataria 2026ko ekainaren 19a

Tolosako Trianguloan egindako agerraldia. ATARIA

Zerbitzu publikoak indartzea eta pribatizazio prozesuei amaiera ematea eskatu dute, LABek, ELAk eta CCOOk deitutako mobilizazioan. Tolosan gain, herriz herri ari dira agerraldiak egiten —Zarautz, Bergara, Elgoibar, Azpeitia, Ordizia eta Hernani—.

Tolosan egindako elkarretaratzean, parte-hartzaileek azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Oreka Berdeko departamentuan gertatzen ari den egoera salatu dute. Mobilizazioaren bidez, departamentua ahultzen ari dela eta horrek herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatean eta kudeaketan ondorio larriak dituela ohartarazi dute.

Elkarretaratzean azaldu dutenez, landa eremuaren, mendien eta naturaren kudeaketa funtsezko zerbitzu publikoa da, eta haren kalitatea, gardentasuna eta kontrol publikoa bermatzea ezinbestekoa da. Hala ere, azken urteotan langile publikoen kopurua murriztu dela eta, aldi berean, departamentuaren funtzioak eta ardurak handitu egin direla salatu dute.

Era berean, administrazioaren egitura ahultzen den neurrian, fundazio eta erakunde sasi-publikoek gero eta protagonismo handiagoa hartu dutela adierazi dute. Haien esanetan, egoera horrek administrazio paralelo baten sorrera eragin du, eta horrek zerbitzu publikoaren kalitatea, gardentasuna eta kontrol demokratikoa arriskuan jartzen ditu.

Mobilizazioan nabarmendu dutenez, joera horrek diru publikoaren erabileran ere eragina du, baliabideak administraziotik kanpoko egituretara bideratzen direlako, eta departamentuaren beraren finantzaketa eta gaitasuna murrizten du. Horren ondorioz, pribatizazio prozesu bat indartzen ari dela salatu dute.

Horren aurrean, elkarretaratzearen bidez hainbat eskaera plazaratu dituzte: Lurralde Oreka Berdeko departamentua indartzea, langile publikoen egitura eta baliabideak berreskuratzea, fundazio eta administrazio paraleloen bidezko kudeaketa ereduari amaiera ematea eta herritarren interesak lehenestea.

Amaitzeko, mobilizazioan parte hartu dutenek mezu argia helarazi dute: lurraldearen, naturaren eta zerbitzu publikoen kudeaketa herritarren eskubideei lotuta dagoela, eta ez dela negozio aukera bihurtu behar. Hori dela eta, zerbitzu publiko sendoak defendatzeko konpromisoa berretsi dute, «Pribatizaziorik ez, zerbitzu publikoak indartu» aldarriarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!