Bedaiotar bat eta madrildar bat Leidorren ezkondu zirenekoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko ekainaren 18a

Udaleko antzerki ikastaroko ikasleek 'J & A' komedia egingo dute bihar, 20:00etan, Amaia Ruiz de Galarretaren zuzendaritzapean. Oraindik sarrerak daude eskuragarri.

Udaleko antzerki ikastaroko ikasleek ikasturte amaierako saioa egingo dute bihar, Leidor aretoan. J & A komedia antzeztuko dute; 20:00etan hasiko da, eta sarrerak eskuragarri daude leidorantzokia.janto.es webgunean. Bedaioko emakume baten eta gizon madrildar baten arteko ezkontza irudikatuko dute, modu dibertigarrian. Ez dira faltako bi familien arteko gatazkak eta gorabeherak, ezta ezkontza antolatzeko ardura duen pertsonaiak eragindako egoera absurdoak ere.

Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarra izan da ikastaroko irakaslea, eta haren zuzendaritzapean landu dute antzezlana. Ikasle baten ideia izan zen ezkontza bat antzeztea. «Jende askok parte hartuko zuen obra bat behar genuen, eta proposamen ezin hobea iruditu zitzaidan». Gero, ideia horri tiraka garatu zuten istorioa, eta irakasleak idatzi du gidoia, inprobisazioaren bitartez. Azkenik, pertsonaia bana esleitu zien ikasleei. «Obra arina eta ikuserraza osatu dugu».

Antzezlanak hala eskatuta, komediaren kodeak landu dituzte, hala nola, tempoa eta isiltasuna. «Azkartasuna oso garrantzitsua da komedia bat interpretatzerakoan, baina, aldi berean, isiltasunek dagokien lekuan egon behar dute», azaldu du Ruiz de Galarretak. «Garrantzitsuena ez da testua. Fisikoki antzeztutako egoerei komedia kutsua ematen saiatu naiz», gaineratu du.

Aktore tolosarrak nabarmendu du «oso polita» izan dela ikasleekin komedia lantzea. «Profesionalki asko landu izan dut, eta oso gustuko dut». Eta aitortu du ez dela eginkizun konplexua izan, «ikasleek berehala ulertu zutelako zer eta nola egin behar zuten, eta ez dielako lan handirik eman».

Antzerki ikasleek bi helburu garbirekin prestatu dute ikasturte amaierako saioa: batetik, beldurra eta auzo-lotsa kendu edo albo batera uztea eta haien buruaz barre egitea, eta bestetik, ondo pasatzea eta gozatzea. «Beti esaten diet haiek ondo pasatzen badute ikusleek ere ondo pasatzen dutela», esan du irakasleak.

Ikasleen konpromisoa

Ruiz de Galarreta bigarren urtez jarraian izan da ikastaroko irakaslea; aurten, 20 ikaslek parte hartu dute. Guztiek ere «oso jarrera ona» izan dutela aitortu du tolosarrak, eta bera «iaz baino errazago» aritu dela. «Segurtasun handiagoa sentitu dut. Ikasleek gehiago ezagutzen ninduten, nik haiek ere bai, eta horrek asko erraztu du lana. Konpromiso handia erakutsi dute, eta denon artean sortu dugu obra. Konfiantza handia izan dute nigan, eta oso eskertuta nago», azaldu du aktore tolosarrak.

Zenbait ikasle lehen aldiz aritu dira antzerki ikastaroan. «Ikasle berriak izatea beti da interesgarria. Lehen urtea izanik, normala da lotsatuta egotea. Ni saiatu naiz konfiantza transmititzen, eta oso kontentu nago emaitzarekin», adierazi du irakasleak. Halaber, nabarmendu du ikasle berriak «oso ondo» moldatu direla iaztik errepikatu dutenekin. «Giro ederra izan dute, eta elkarren lagun egin dira. Pozgarria da antzerki ikastaro bat esparru pertsonalera ere heltzea».

Ikastaroak badu oraindik betetzea zaila den helburu bat: gazte eta gizonezko gehiago erakartzea. Aurtengo ikasle gazteenak 30 urte ditu, eta generoari erreparatuta, hogeitik bakarra da gizonezkoa. «Aukera handia dago aisialdirako, eta antzerkiarekiko interesa sortzea zaila da. Hala ere, artea eta sormena praktikan jartzeko aukera ederra dute gure ikastaroan», esan du Ruiz de Galarretak. Tolosarrari gustatuko litzaioke gazteak antzerkira erakartzea, eta, behintzat, probatzea. «Bizitza pertsonalerako ere jarduera interesgarria iruditzen zait». Gizonezkoen faltagatik, berriz, «ikastaro gehienetan gertatzen da», nabarmendu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!