Pil-pilean dauden gaiak dira mugikortasuna eta jasangarritasuna, eta biak ala biak uztartuta egin dute goizean azoka Tolosako Triangulo plazan. Eskolako Agenda 2030 programaren bitartez, ikastetxeetan Garapen Jasangarriko Helburuak lantzen dituzte, eta azken bi ikasturteetan mugikortasun jasangarria jorratu dute Samaniego, Orixe, Laskorain eta Herrikide ikastetxeek. Guztira zazpi proiektu osatu eta jendaurrean aurkeztu dituzte gaur goizeko Mugikortasun Jasangarri Azokan.
Agenda 2030eko 11. helburuari —Hiri eta komunitate jasangarriak— jarraiki, iaz, diagnostikoa egin zuten eta, aurten, hori kontuan hartuta, hainbat proiektu landu dituzte herrira begira. Egitasmoaren helburu nagusia da herrian mugikortasunari buruzko «kontzientzia sortzea», eta bere ekarpena egin du ikastetxe bakoitzak.
Maiatzaren 27ko udal-foroan udal ordezkariei proposamenak aurkeztu zizkieten ikasleen ordezkariek, eta, orain, herritarrekin partekatu dituzte. Hain zuzen, gerturatu diren herritarrei azalpenak ematen aritu dira ikasleak, eta arduradunek nabarmendu dute ikasleak «oso motibatuta» egon direla, prozesuan «asko ikasi» dutela eta ekimena «baliagarria» izan dela kontzientzia «pizteko» eta «praktika jasangarriagoak» sustatzeko.
Azokan ikusgai egon dira lau ikastetxeetako zazpi proiektuak: 'Oinez eta bizikletaz ibiltzearen onurak' eta 'Bizikidetzarako aholkuak'; Lagunbusa: ikasle txikienak eskolara oinez joateko programa indarberritu, ospatu eta balioa eman; Irakasleak eskolara modu jasangarrian joatea sustatzeko kanpaina; Autobus publikoaren zuzeneko jarraipena egiteko telefono-aplikazioa; Zarata-neurgailuen diseinua; Bizikletak alokatzeko zerbitzu publiko baten diseinua; eta Iurramendiko bidegorriaren proiektua aztertu eta alternatibak landu.