ELKARRIZKETA

«Itzultzaile automatiko batekin ez gara inoiz helduko literatur testu bat behar bezala itzultzera»

Jon Miranda Labaien 2026ko ekainaren 13a

Ainhoa Mendiluze 'Utzi kontatzen' liburuarekin. J.M.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko itzultzailea da Ainhoa Mendiluze; Minaberri bekari esker, Laurie Halse Andersonen Speak gazte eleberria euskaratu du, Utzi kontatzen izenburupean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan itzultzaile aritzen da Ainhoa Mendiluze Ormaetxea (Tolosa, 1997), eta Iruñean bizi da. Gune euskaldun batean bizitzetik inguru ez hain euskaldun batera egin du jauzia, baina saiatzen da, hala ere, euskaraz bizitzen. Hizkuntzari eustea gehiago kostatzen zaio, ahalegin handiagoa eskatzen dio, baina, aldi berean, kontzientzia handiagoko euskaldunak ere topatu ditu Iruñean.

EHUn Itzulpengintza gradua ikasi zenuen. Zergatik?

Batxilergoko bigarren mailan ez neukan batere garbi zer ikasi nahi nuen. Oso gauza desberdinak neuzkan buruan, erizaintza ikasteko aukera ere bai, tartean. Hizkuntzak beti izan ditut gustuko, ingelesarekin gustura nenbilen, euskaran sakontzeko gogoa ere baneukan, eta atzerriko beste hizkuntzaren bat ikasteko aukera ere erakargarria egiten zitzaidan. Ni baino zaharragoak ziren lagun batzuk baneuzkan, itzulpengintza ikasketak egiten hasiak zirenak, eta haiekin hitz eginda, azkenerako konbentzitu egin ninduten.

Zenbat hizkuntza dakizkizu?

Euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta alemana. Graduan erabaki behar izaten duzu zein hizkuntzatara itzuli nahi duzun —euskarara edo gaztelaniara—; gero, bigarren hizkuntza bat aukeratu behar izaten dugu —ingelesa edo frantsesa—, baina horretarako maila jakin bat eskatzen digute; eta azkenik, beste hizkuntza batean hutsetik hasteko aukera ematen zaigu —ingelesa, frantsesa, errusiera edo alemana—. Euskara, ingelesa eta alemana aukeratu nituen. Alemanez maila polita lortu nuen, Erasmus programarekin Heidelbergen (Alemania) egin bainuen graduko bigarren ikasturte osoa.

Hizkuntzak ikasi bai, baina irakatsi ere egin dituzu inoiz.

Bai. Karrera bukatu ondoren, irakaskuntza masterra egin nuen, eta horrekin berehala hasi nintzen lanean; dirudienez, hizkuntza irakasleen premia badago eta ordezkapenen gurpilean berehala sartzen zara. Urte eta erdi pasa nuen irakasle lanetan: lehenengo DBHn euskara irakasle, eta gero, Hizkuntza Eskola Ofizialean aleman irakasle. Bi mundu dira, DBHn heziketa prozesu baten parte zara eta beste funtzio asko ere bete behar dituzu. Helduen irakaskuntzan aritzen zarenean, berriz, helduak beren borondatez joaten dira klasera. Eskolak emateko modua aldatu egiten da eta ikasleekin sortzen den harremana ere bestelakoa da.

Nola sortu zitzaizun NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan itzultzaile aritzeko aukera?

Bere momentuan, asko pentsatu gabe aurkeztu nintzen Nafarroako Unibertsitate Publikoan itzultzaile izateko oposizio batera. Aukera ona izango zela esan zidaten. Aurkeztu eta zerrendetan geratzea lortu nuen. Bi urterako lan kontratua eskaini zidaten. Pentsatu nuen aukera polita zela probatzeko zer den itzulpengintzan aritzea administrazio publikoan. Bi urte pasatu zirenean, oposizio prozesu bat atera zen eta lanpostua atera nuen. Finko nago eta oso gustura.

Zer-nolako testuak itzultzen dituzue bertan?

Tartean testu juridiko-administratibo lehorrak itzuli behar izaten ditugu: ebazpenak, aldizkari ofizialak, jakinarazpenak... Horrelakoak tokatzen zaizkigu NUPen, baina hortik kanpora beste gauza asko ere bai: kontzientziazio kanpainak, kultur eskaintza, udako ikastaroak... Zabalago da gure lana; orotariko testuak itzultzen ditugu. Normalean testu labur asko izaten ditugu, eta testu luze gutxi.

Beti aritzen zarete gaztelaniatik euskarara?

Testuen % 95ean bai. Ideala izango litzateke jendeak euskaraz gero eta gehiago ekoiztea. Baina, tamalez, gure unibertsitatean gehien-gehiena gaztelaniaz ekoizten da, arlo gehienetan. Badira irakasleak euskaldunak izanda ere, ez direnak animatzen arlo formalean euskaraz aritzera. Pena da. Uste dut gure atalari ere badagokiola kontzientziazio lana egitea, jendea gero eta gehiago euskaraz egitera anima dadin.

Zenbat lagun aritzen zarete taldean?

Hamarreko lantaldea da gurea, euskara plangintzako atalean: sei itzultzaile eta lau administrari. Tamaina polita da. Elkarrekin testuak konpartitzen ditugu etengabe eta talde lanean aritzen gara. Ematen du lan bakartia dela gurea, baina asko hobetzen dira testuak taldean eginez gero. Niri izugarri lagundu dit eskarmentu handiko jendea aldamenean izateak.

Interprete lanetan aritzea egokitzen zaizue?

Bai, baina oso tarteka, udako ikastaroetan adibidez. Beste noranzkoan egiten dugu, euskaratik gaztelaniara. Beste diziplina bat da, eta ez gaude horretara hain ohituta. Ahozkoa karreran landu dugu baina bigarren plano batean, idatzizkoaren ondoan. Ez naiz bereziki eroso sentitzen, nire hizkuntza indartsuena euskara delako, eta kontrako noranzkoan beti urduri samar harrapatzen nau. Praktika faltagatik ere izango da, noski.

Zeintzuk dira alde zailenak zuen langintzan?

Soldatapean gauden euskarazko itzultzaile gehienak, administrazio testuak itzultzen aritzen gara, eta testu masa handiak sortu dira. Gauza asko nahikoa finkatuta daude. Beste arlo batzuetan ez da hainbeste pasatu: demagun zientzian edo teknologian, gauza asko finkatu gabe geratu dira. Administrazioko testu horiek, oso antzekoak dira beti. Egindako esamoldeak erabiltzen dira etengabe. Ez gara hutsetik abiatzen; software batzuk baditugu, eta inoiz antzeko testurik itzuli baduzu, abisua ematen dizu. Nahiko gauza automatikoa izaten da, eredu berberak erabiltzen direlako.

Jendeari, askotan, ulertzen zailak egiten zaizkio testu horiek.

Bai. Batzuetan korapilatsuak izaten dira esaldiak: ez dakizu elementu bakoitza sintaktikoki zerekin doan lotuta. Horrelakoetan hizkuntzarekin ingeniaritza lana egin behar izaten dugu, gauza bakoitza bere tokian jartzeko. Hori da gure kezka: jendeak ulertzeko moduko testuak egin behar ditugu, lehen irakurraldian irakurtzeko modukoak. Noski, hori guztia jatorrizko testua propio sinpletu gabe, edo adibidez, erregistroz jaitsi gabe. Jatorrizkoari beti zor diozu parekotasuna.

«Itzultzaileok ulertzeko moduko testuak egin behar ditugu, lehen irakurraldian ulertzeko modukoak»

Beste kontu bat da, jendeak orokorrean ez duela ohitura handirik testu administratiboak euskaraz irakurtzeko. Literatura ere gutxi, baina administraziokoak oraindik ere gutxiago. Jakina, arrotza egiten zaigu horko terminologia, bai euskaraz, baina baita gaztelaniaz ere. Ez dira kalean erabiltzekoak. Horregatik egiten zaigu agian arrotzagoa.

Zein irudi duzue euskal itzultzaileok gizartean?

Asko aldatu da azkeneko urteetan. Jendeak lehen errazago esaten zuen: «Hau itzulpena bada, ez dut irakurri nahi». Fama hori gainetik kentzen ari gara eta gero eta prestigio handiagoa dauka euskal itzultzailearen figurak. Hala eta guztiz ere, beti dago errezelo hori.

«Gero eta prestigio handiagoa dauka euskal itzultzailearen lanak»

Hori gertatzen da gutxitutako hizkuntza bat delako gurea?

Bai. Gaztelaniaz ez da horrelakorik pasatzen. Frantsesetik edo ingelesetik itzulitako pelikulak, adibidez, gaztelaniaz kontsumitzen ditugu jatorrizkoak balira bezala, zalantzan jarri gabe itzultzaile bat egon dela tartean, edo itzulpena txarra dela. Euskarazko ekoizpenetan, berriz, hasieratik pizten zaigu susmo txarra. «Ez zait hain natural sartzen», «Elkarrizketa hauek behartuta bezala sartzen zaizkit»... Horretan badago oraindik pedagogia lan bat egin beharra.

Zein abilidade behar ditu itzultzaile batek?

Kontzentrazio pixka bat eta hizkuntza errepertorio zabala edukitzea. Hori nirea bezalako lan baterako, baina literatura itzultzeko beste gaitasun batzuk behar dira. Hasteko, asko irakurri behar da, jatorrizkoak eta itzulpenak. Euskara ahal den aberatsena eduki behar duzu eta hizkuntzaren malgutasunarekin jolastu behar duzu. Gauza garrantzitsua da, halaber, burua fresko edukitzea. Eta gero, pazientzia behar da, esaldi batean katramilatuta geratzen baikara askotan. Etengabe erabakiak hartu behar dituzu: batzuetan egun txarra daukazu, erabaki okerrak hartzen dituzu, eta hurrengo egunean testua berrikusterakoan iruditzen zaizu egindako ezerk ez duela balio; beste batzuetan, inspirazio hobea duzu eta lehenengotik emaitza hobea ateratzen da. Konstantzia eta diziplina handia behar da itzultzaile lanerako.

Zein bitarteko erabiltzen dituzue zuek itzultzeko?

Gu iritsi garenerako gauza asko eginda zeuden. Internetarekin itzulpenak egiten diren garaian iritsi gara. 2000ko hamarkadan gradua ematen hasi zirenean irakasgai batean erakusten omen zuten hiztegiak nola ordenatu apaletan, ahal zen azkarren atera eta bilaketak egiteko. Guk ez dugu horrelakorik ezagutu. Hiztegi oso onak eta dezente daude euskaraz; corpusak daude; testu masa handiak; modu errazean bilatu dezakezu beste itzultzaile batek zein soluzio eman dion eskuartean duzun horri. Erraztasun asko dauzkagu, eta horrek hobeak egiten ditu euskarazko itzulpenak. Baina dena da aurreko belaunaldiak lan handia egin duelako hori finkatzen, eta itzulpenaren apologia egin duelako euskara zabaltzeko modu bezala. Munduaren berri euskaraz izateko modua defendatu dute horiek guztiek.

Adimen Artifiziala erabiltzen duzue zuen lanerako?

Zehazki itzultzaile neuronala testu jakin batzuetan erabiltzen dugu eta lana errazten digu. Batez ere, administrazioko testu lehor eta mekaniko edo zurrun horietan nahikoa erraz ondorioztatzen du adimen artifizialak atzean dagoen formula edo logika. Horren araberako soluzioa ematen dizu, ez beti zuzena, baina nahiko duina.

Beste testu batzuetarako ez du merezi, eta zentzurik ez du adimen artifiziala erabiltzeak. Literatur lan bat ez nuke sekula itzultzaile neuronal batekin itzuliko, eta ez zait iruditzen inoiz ailegatuko garenik, literatur testu bat behar bezala itzultzera, itzultzaile automatiko batekin.

Pobreagoa da adimen artifizialak darabilen euskara?

Bai. Itzultzaile automatiko hauek oso formula antzekoak erabiltzen dituzte beti, sinonimo gutxi. Beti hizkera laua, monotonoa erabiltzen dute. Guk beti tresna hauetara jotzen badugu, forma batzuk galdu egingo dira eta aberastasun bat galduko da. Gainera, esanahi bikoitzak, hitz-jokoak eta horrelakoak ez dituzte harrapatzen, eta ematen dizuten soluzioa oso zalantzagarria da. Sormen pixka bat eskatzen duten testuen itzulpenetan kale egiten du, ia erabat. Egia da ongi jositako esaldiak ematen dituela, oso erantzun politak, logikoak, baina askotan esanahia ez dator bat jatorrizkoarekin.

Kezkatuta gaude, azkenean itzultzaile neuronalak ematen duen soluzioa orraztera eta txukun jartzera mugatzen gaituzte itzultzaileak. Ondorioz, itzultzailearena beharrean, zuzentzailearen kuota ordaintzen zaio profesionalari. Horregatik tentuz ibiliko nintzateke: alde batetik, hizkuntzaren esparruan aritzen garen profesionalon lan baldintzen kontra ez egiteko; eta bestetik euskararen aberastasunaren aurka ez egiteko.

Hori da EIZIE Euskal Itzultzaile eta Interpreteen elkartean duzuen kezketako bat. Elkartearen zuzendaritzan zabiltza. Noiztik?

2024ko batzarretik. Elkartean itzultzaileak, interpreteak eta zuzentzaileak biltzen gara. Harremanak sustatzen ditugu hainbat belaunalditako itzultzaileen aldetik. Elkartean ikastaroak antolatzen ditugu, lan arloko aholkularitza ematen dugu, itzulpengintzaren inguruko pedagogia lana egiten saiatzen gara... Erreferentziazko elkartea da Euskal Herrian euskaraz itzultzen aritzen garen profesionalontzat. 500 bazkide gara, baina horrek ez du esan nahi denak itzulpengintzan erabat ibiltzen garenik. Batzuk jarduera osagarri bezala erabiltzen dute, edo erretiratuta daude. Ez dakigu zehazki zenbat garen esaten, autonomo gisa, jende asko dabilelako itzultzaile.

I. Minaberri gazte literatura euskaratzeko beka irabazi zenuen 2024an. Nola izan zenuen bekaren berri?

EIZIEren bidez jakin nuen beka bat ateratzekoak zirela itzultzaile gazteei zuzenduta egongo zena, 30 urte betegabe dituztenentzat. Gazte literaturako obra bat itzultzea zen bekaren filosofia. Lauri Halse Anderson idazlearen Speak hautatu zuten lehen deialdirako eta lagintxo bat jarri zuten webgunean interesa zuenak itzul zezan. Aukera ona iruditu zitzaidan lehenengo aldiz literatur lan bat itzultzeko eta bidali nuen laginaren nire itzulpena. Horrelaxe hautatu ninduten.

Bekak dira euskarazko itzulpengintzan aritzeko modu bakarra?

Ia-ia. Modu erosoenetako bat izaten dira bekak. Gaur egun hiru daude: Literatura Unibertsala —bizpahiru titulu ateratzen dira beka horri esker urtero—; Jokin Zaitegi beka —urte horretako Nobel saridunaren obra bat itzultzeko laguntza ematen duena—; eta, bi urtean behin ematen duten Ilbeltza beka. Ez dira asko. Gainera itzultzaile hasiberriontzat nahiko urruti geratzen dira horiek. Oso lan kanonikoak, klasikoak eta nazioartekoak itzultzeko bekak izaten baitira. Oso zaila da horietan lehiatzea, ez baldin badaukazu aurretik esperientziarik. Horregatik eskertzekoa da Minaberri beka sortu izana.

Mentore baten laguntza izan zenuen itzulpen prozesuan?

Bai. Aiora Jaka izan nuen aldamenean prozesu guztian, zuzenketa lanak egiteko, ekarpenak egiteko eta orientazioa emateko. Bidelagun bat, azken batean. Hori izan zen, hain zuzen, bekara aurkezteko pizgarri handiena. Ez da egunero aukera izaten Aiora Jaka bezalako itzultzaile baten ondoen lan egiteko, eta sekulako aukera iruditu zitzaidan.

Zer da gehien kosta zaizuna itzulpenean?

Niretzat genero berria zen guztiz, ez nengoen helburu artistiko batekin egindako testuak itzultzera ohitura. Jatorrizko testuak, ñabardura guztiekin, zehatz-mehatz ematera ohituta nengoen, eta hori zen nire pretentsioa hasiera batean. Segituan konturatu nintzen, horrek literaturan ez zuela funtzionatzen; horrela jokatuz gero galdu egingo nuela jatorrizkoaren ezaugarri nagusietako bat, alegia, prosaren arintasuna.

Aiorak berak esan zidan hasieran, esaldiak ez ote zitzaizkidan astunegiak geratzen. Informazio gehiegitxo sartzen nuen esaldi bakarrean, eta orduan geratzen zitzaizkidan luze eta motel, justu jatorrizko testuaren kontrara. Ingelesak hitz gutxirekin asko esan dezake, eta euskararekin hain silaba gutxitan hainbeste esatea ez da erraza. Hortaz, esaldiak arintzera jo nuen, beste metodo batzuk erabili nituen horretarako, zenbait garaitan gauza batzuk sakrifikatuta. Liburu honetako esaldi bakoitza bi segundotan irakurtzekoa da, baina pentsatu, zortzi aldiz pentsatutakoa da.

«Liburu honetako esaldi bakoitza bi segundotan irakurtzekoa da, baina zortzi aldiz pentsatutakoa»

Eta zerekin gozatu duzu gehien?

Liburuan ez daude elkarrizketa asko, baina dauden apur horietan oso ondo pasatu dut. Antzeztea bezalakoa izan da, imajinatu dut pertsonaia bakoitzak nola hitz egingo lukeen. Betiko kontua dago gero: euskarazko hizkera informala ez dagoela oso finkatuta. Edo euskalkietara jotzen dugu, edo erdaretatik ekartzen ditugu forma adierazkorrak. Diglosia egoera batean hori gertatzen da. Hor ibili naiz sokatiran, testua bizia sortu nahian baina jakinda soluzio borobilik ez dagoela. Euskal Herriko gazte guztiek ulertzeko moduko testu bat sortzen saiatu naiz. Guay, adibidez, oso hitz arrunta da hemen, baina Iparraldean ulertzen al dute? Liburuan saiatu naiz, arauak ahal den neurrian errespetatuz, Euskal Herriko gazte batek hitz egingo lukeen bataz besteko hizkera islatzen. Gazteentzako liburu bat bada, nahi nuen haiek sentitzea beren burua islatuta testuan. Literaturak ematen ditu horrelako lizentziak, eta uste dut aprobetxatu behar direla gure mesedetan.

«Gazteentzako liburu bat bada, nahi nuen haiek sentitzea beren burua islatuta testuan»

Zein adinetako gazteentzako dago idatzita liburua?

Nik hasiera batean 13 eta 16 urte arteko irakurleak irudikatzen nituen, baina nik neuk, heldu bezala, gustura irakurri dut. Ez nuke esango bere horretan gazte literatura bakarrik denik. Estereotipo asko dago gazte literaturaren inguruan eta jendeak pentsatzen du sinpleagoa eta azalekoagoa dela, ez duela balio artistikorik. Konplexutasun handia du liburu honek, ordea. Dena den, oraingoz jende helduaren inpresioak baino ez ditut jaso liburuaren inguruan, eta gustatuko litzaidake gazteek nola irakurri duten jakitea.

Berriz itzuliko zenuke beste literatur lanen bat?

Oraingoz ez. Utzi kontatzen itzuli nuenean, atsegina egin zitzaidan prozesua, gustura egin nuen, baina nekatuta ere bukatu nuen. Nire eguneroko lanean itzultzaile aritzen naizenez, nekagarria zitzaidan ariketa mental hori hainbeste orduz egitea. Geroztik ez dut beste literatur lanik itzuli, baina etorkizunean ez dut aukera baztertzen. Momentuz ez daukat asmorik, eta gainera iruditzen zait bakoitzak bere mailako testuak itzuli behar dituela. Ezagutzen ditut hasiberriak diren itzultzaileak, ur handitan sartu direnak, eta sufritu egin dutenak itzulpen prozesuan.

Horregatik ez nuke gustuko ez dudan ezer itzuliko enkarguz eskatu didatelako; lan handia da eta dedikazioa eskatzen du. Diruak ez du hainbesteko lana hartzea konpentsatzen. Oso ondo pentsatuko nuke zer itzuli.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!