Ekaineko lehen astea igarota, heldu da uda garaia. Eta uda garaiaren hasierak berarekin dakartza Tolosako San Joan jaiak. Aurten, ofizialki, ekainaren 19tik 24ra izango badira ere, datorren asteburuan jai giroko zenbait ekitaldi izango dira herrian.
Hamaika egun besterik ez dira falta suziriak jaien hasiera iragartzeko. Aurten, Tolosaldeko Arraun Kluba arduratuko da udaletxeko balkoian suziria pizteaz. Goiuri Ezeiza kultura zinegotziak aukeraketaren arrazoia azaldu du: «Herri honen izena estropadaz estropada lau haizetara zabaltzen duen taldeak jasoko du aitortza, urte luzeetako lanaren, konpromisoaren eta ilusioaren erakusgarri izateagatik. Ezin hobeto islatzen dituzte ahaleginaren, talde-lanaren eta herriarekiko loturaren balioak». Era berean, klubak emakumezkoen kirolaren alde egindako bidea nabarmendu du zinegotziak: «Kirola berdintasunetik eta elkarlanetik eraikitzen lagundu dute, herriarentzat eredugarri izan dira 20 urtetik gorako ibilbidean, eta belaunaldi berrientzat erreferente bihurtu dira».
Azken urteetan bezala, udalak txupinazorako hautagaitza-proposamenak egiteko aukera zabaldu die herritarrei, eta Ezeizak adierazi duenez, «proposamen aproposak» jaso dituzte. «Askok mereziko lukete aitortza, eta ezbairik gabe, datozen urteetarako bada nondik tira», esan du.
18:00etan izango da txupinazoa, eta ondoren, Iraunkorrak txarangak kalejira egingo du. Egun berean, 22:30ean, zezen suzkoa egingo dute Plaza Zaharrean. Txupinazoaren aurretik ere izango dira ekitaldiak; besteak beste, VII. Helduen Eguna ospatuko dute. 11:30ean elkartuko dira Harizpe elkartean, eta kalejira, bazkaria eta dantzaldia egingo dituzte. 17:00etatik aurrera, berriz, Tolosako erraldoi eta buruhandiak ibiliko dira kalez kale.
'Taupadak Tolosan', kartel irabazlea
Suziria nork lehertu aukeratzeko egin moduan, San Joan jaiak iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketa irekia antolatzen du udalak. Aurten, 40 kartel inguru jaso dituzte, eta guztien artean, Alfredo Leon Mañu artista agoiztarraren Taupadak Tolosan lanak jaso du balorazio onena, eta, beraz, lan horrek iragarriko ditu aurtengo festak. Leonek 100 sari baino gehiago jaso ditu izen handiko ekitaldietarako kartel lehiaketetan, hala nola Donostiako Aste Nagusirako eta Jazzaldirako egin izan ditu, eta 2023an bigarren sailkatu zen Iruñeko San Fermin jaietako kartel lehiaketan.
Zenbait elementuz osatutako lana egin du kartelgile nafarrak: sua, dantzarien espartinak, eskopeta, musika instrumentuak... guztiak ere, San Joan jaietako ezaugarri garrantzitsuak dira. «Modu bizian jarri ditu, eta oso ondo biltzen du sanjoanen esanahia», esan du Ezeizak.
Kuadrillen Eguna
Estropada itxurako ekitaldirik izango bada, hori kuadrillen baltsa jaitsiera izango da. Iaz bezala, aurten ere egingo dute, ekainaren 20an, Kuadrillen Egunean. 11:00etan hasiko da, Oria ibaian izango da eta Zerkausiko ontziralekuan amaituko da. 12:00etan, Zerkausian bertan botako dute egunaren hasiera iragarriko duen suziria. Ondoren, kalejira izango da, eta 14:00etan, bazkaria egingo dute Euskal Herria plazan. 113 kuadrillek eman dute izena, eta guztira, 1.300 lagunetik gora elkartuko dira.
Musika, nonahi
San Joan jaiak kantu edo doinu batekin erlazionatzekotan, San Joan zortzikoarekin beharko lukete, edo bestela, San Joan bezperako kanpai eta su txingarren hotsekin edo eskopetari konpainien danbor eta tiro hotsekin. Hala ere, bestelako musikaz gozatzeko aukera ere izango da. Izan ere, hamaika kontzertu antolatu dituzte; ia denak Plaza Berrian izango dira. «Kontuan izan ditugu adin guztietako herritarrak, eta saiatu gara aniztasun hori egitarauan bermatzen», esan du Aitzol Gartzia jaietako zinegotziak.
Bada aldaketa bat, ordea. Ekainaren 23an, Puro Relajo taldearen kontzertua Euskal Herria plazan izango da; berez, Plaza Berrian izatea aurreikusten zuten. Bestetik, larunbat honetan Euskal Herria plazan izango den kontzertua ere nabarmendu du Gartziak. Udal musika bandak Denbora Band kontzertua egingo du 22:30ean, eta zenbait belaunalditako kantu ezagunak interpretatuko dituzte.
Haurren Hiria
Ekainaren 19an festa lehertu aurretik, asteburu honetan jai giroko ekitaldiak izango dira herrian. Igandean, esaterako, Zumardiaundia haurren plaza izango da, Haurren Hiria egingo baitute. Goizean, hondarrezko irudiak egingo dituzte, eta ehungintza jasangarriari buruzko ikastaroa izango da. Arratsaldean, berriz, Markeliñe artistak Artiluso ikuskizuna egingo du familientzat. Eguraldi txarrarekin, Herrikide ikastetxeko jolasgunean izango dira ekitaldiak.
San Joan jaietako zenbakiak
13
Protokolora atxikitako tabernak. Aurten, bost taberna atxiki dira Tolosako Berdintasun Sailak Jai Berdinzaleen Behatokiarekin elkarlanean landutako protokolora –ostalaritzari begirakoa–: Ikatza, Amaiur, Babes, Eguzki eta Egoki. 2024an, zortzi establezimenduk parte hartu zuten. Hortaz, guztira, 13 dira dagoeneko. Bestalde, Gune Morea jarriko dute Emakumeen Plazan, ekainaren 20an (18:00-02:00) eta 23an eta 24an (23:00-03:00). Ordutegi horretan, 747 420 488 telefonoan eskatu ahal izango da laguntza.
19
Eskopetari konpainiak. Azken bi urteetan bezala, 19 konpainiak parte hartuko dute ekainaren 24ko eskopetarien alardean. Guztira, ia 2.000 herritarrek parte hartuko dute. Aurten, Ortzadar konpainiako Iñaki Etxeberria izango da kapitainen kapitaina.
113
Kuadrillak. Ekainaren 20an izango da Kuadrillen Eguna. 11:00etan, baltsa jaitsiera egingo dute Oria ibaian, eta 12:00etan, Zerkausian izango da txupinazoa. 14:00etan, berriz, bazkaria hasiko da Euskal Herria plazan. 113 kuadrillek eman dute izena aurtengo bazkarian, eta 1.300 lagun baino gehiago elkartzea aurreikusten dute antolatzaileek.
214.800
Aurrekontua. 214.800 euroko aurrekontua prestatu du udalak San Joan jaietarako. Kopuru horren ia erdia eguneko nahiz gaueko musika emanaldietara bideratuta egongo da: 93.500 euro. Gainerakoan, 43.000 euro bideratuko dituzte gastu orokorretara, 31.600 euro kultur eta kirol ikuskizunetara, 22.500 euro eskopetarien diru laguntza eta aseguruetara eta 15.700 euro Kuadrillen Egunera.