Tolosako Udalak urtean zehar herrian antolatzen dituen azoka bereziei beste bat gehituko zaie aurrerantzean. Izan ere, lehenengoz, Itsaski Azoka antolatu dute larunbaterako. Trianguloa plazan izango da, 09:00etatik 14:00etara. Itsasoarekin, gastronomiarekin eta itsas kulturarekin zerikusia duten produktuak sustatzea, erakustea eta merkaturatzea da helburua, artisau-kontserben industriaren sustapena bermatzeko.
Udalak azokan parte hartzeko deialdia egin zien arrantzaren eta itsaskien sektoreko enpresei, itsasoko produktuen ekoizle eta merkaturatzaileei eta itsas eremuari lotutako artisau eta erakundeei, eta guztira, zortzi postu egongo dira azokan: Bermeoko Royo Antxoak (antxoa modu askotara eta hegaluzea oliba oliotan) eta Urdaibai kontserbak SL (gildak eta arrain kontserbak), Bilboko Gureik SL (Arroyabe kontserba produktuak eta pintxoak), San Vicente de la Sonsierrako Bodegas J. Ramirez (Errioxar jatorri izendapeneko ardo zuria), Portugaleteko Itxasloo Portu (arrantzale jantziak eta euskal osagarriak), Oiartzungo Kosta itsas egurrak (itsas bazterretik berreskuratutako egurrekin egindako produktuak), Galdakaoko Estibaliz Yuguero (Euskal Herriko naturan inspiratutako bitxiak) eta Beizamako Urkizahar (txakolina ekologikoa).
Aitor Agirresarobe merkataritza, turismo eta azoketako zinegotziak esan du urteak zeramatzatela azoka hau egiteko ideiarekin bueltaka, eta azkenean antolatu dutela. Ardo Zuriaren Azoka Bereziarekin batera egitea pentsatu dutela gaineratu du, «ondo ezkontzen direlako». Gure Txokoa elkarte gastronomikoak antolatu izan du azken urteetan ardo zuriaren azoka, eta udalak eta elkarteak berak elkarlanean prestatu dute larunbateko hitzordua.
11:30etik 14:00etara bitarte izango da ardo zuriaren azoka, eta 16 upategitako 19 ardo zuri dastatzeko aukera egongo da. Kopa sei euro ordainduta, nahi bezainbeste ardo dastatu ahal izango dira. Halaber, Fronton, Xare eta 19-90 tabernek eta Gure Txokoa elkarteak postu bana jarriko dute, 1,5 euroren truke pintxoak saltzeko.
Euskal Herria plazan, azokarik ez
Itsaskien eta ardo zuriaren azoka bereziez gain, Zerkausian eta Berdura plazan ohiko azoka izango da, larunbatero bezala. Euskal Herria plazan, ordea, ez da posturik egongo. Bertan postua jartzen duten merkatariek San Frantzisko pasealekuan jarriko dituzte, San Joan jaietako prestakuntza dela-eta, Euskal Herria plazan lekurik egongo ez delako.