Tolosako zezen plaza herri kirolen agertoki bihurtuko da beste behin. Igande arratsaldean euskal duatloiaren finala jokatuko da. 11 kirolarik parte hartuko dute, azken momentuan Ugaitz Mugertza baja izan baita: Julen Alberdi Txikia IV.a, Xabier Zaldua, Eneko Saralegi, Ibai Soroa, Oier Kañamares, Julen Kañamares, Eloy Corchero, Oier Mitxelena, Aitzol Atutxa, Ioritz Gisasola eta Julen Larrea. 17:30ean hasiko da saioa.
Aspaldiko partez bost kirolari nafarren parte hartzea izango da finalean. Hain justu, Nafarroa izango da ordezkaritza handiena izango duen lurraldea, eta haren atzetik Bizkaia egongo da, beste hiru aizkolariekin. «Egia esan, ilusioa egiten du berriro ere azken urteotan ohiko bihurtu den nagusitasun hori apurtzen hasi dela ikusteak, eta herrialde ezberdinetako kirolarien lehia handitzea», azaldu dute antolatzaileek.
Gainera, faboritoen artean gipuzkoar batzuk daudela nabarmendu dute: «Txikia IV.a eta Zaldua, baina askoren ahotan dabilen izenetako bat Aitzol Atutxa da. Beste inoren lana gutxietsi gabe eta ezustekoren bat etorriko ez denik esan gabe, badakigulako nolako kirolariak diren, adibidez, Eneko Saralegi eta Ibai Soroa, urte hauetako guztien lana azpimarratu nahi dugu. Baita beste kirolari guztiena: Julen Kañamares, Julen Larrea, Oier Kañamares, eta ez dugu ahaztuko Ioritz Gisasola bizkaitarra eta Arabatik datorren Eloy Corchero». Gaztetasuna ere nabarmendu nahi izan dute: «Izan ere, gazteena Sakanatik datorren Oier Mitxelena da. Lehen aldiz parte hartu eta zuzenean finalean sartzea lortu du. Horrek guztiak handitasuna ematen dio kartel honi, egun honi eta ekitaldi osoari».
Egin beharreko lanak iazko berdinak izango dira: 45 ontzako enbor horizontala, 45 ontzako enbor bertikala, eta 500 metroko korrikaldia; hori guztia lau aldiz egin beharko dute. Finalerako sarrerak 25 eurotan izango dira. «Berastegiko eta Zumarragako kanporaketak doakoak jarri ditugu gure eta herrietako esfortzuari esker, baina ekitaldi honek sarrera bat merezi du», esan dute antolatzaileek. 17 urtetik aurrera ordaindu beharko da sarrera, eta zezen plazako leihatilan egongo dira salgai, egunean bertan 16:00etatik aurrera. Bide batez, Tolosako Udalari zein babesleei beraien laguntza eskertu diete.
Jendea animatu dute finalera joatera. «Ikuskizun handia izango dela ziur gaude. Ez dago faborito argirik, eta horrek sekulako indarra ematen dio txapelketari eta ekitaldiari berari. Aurretik duten lana gogorra, azkarra eta oso exijentea izango da, eta badakigu gure kirolariek duten prestaketa maila zein den», zehaztu dute antolatzaileek. «Herri kiroletako eliteko kirolariez ari gara, dena ematen duten horietaz. Guk uste dugu badirela faborito batzuk, baina ezustekoak ere egon daitezke. Bat baino gehiago dator txapela lehiatzera. Bakoitza bere helburuekin etorriko da, baina ziur gaude ikuskizun aparta izango dela».