Hemeretzigarrenez antolatu dute Bedaioko Mendi Martxa, eta igandean —ekainaren 7an— izango da. Ibilbideak Bedaioko inguru naturalak ezagutzeko aukera ematen du, eta bidean zehar hainbat anoa gune jarriko dituzte. Martxa motzak 18 kilometroko luzera du, eta 25 kilometrokoa da, berriz, luzea. Artubi kultur elkarteak antolatu du aurten ere, eta bukaeran haragi egosia, txorizoa eta salda banatuko dituzte.
Parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena info@bedaio.com helbide elektronikora mezua bidalita, eta egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera. Dena dela, antolatzaileek izena aurrez emate gomendatu dute, antolakuntza-lanak errazteko. Ordainketa, berriz, egunean bertan egingo da, irteera baino ordu erdi lehenago.
Ibilbide luzeko kideak 07:30ean abiatuko dira, eta bost kontrolgune pasa beharko dituzte, hain zuzen, Larrondo 1, Larrondo 2, Zarate, Jazkugaina eta Bedaio. Ibilbide motzekoak, berriz, 08:30ean irtengo dira, eta hiru kontrol izango dituzte: Zarate, Jazkugaina eta Bedaio.
Mendi martxa federatuek zein federatu gabeek egin dezakete, eta nahitaezkoa izango da kontrolgune guztietan ordua eta sinadura jasotzea. Arau guztiak eta informazio osagarria eskuragarri jarri dituzte Bedaioren web orrialdean.