Olinpiar sua piztu dute

Ataria 2026ko maiatzaren 30a

Ikasturte osoan esperotako eguna iritsi zaie eskualdeko neska-mutilei: Tolosaldeko Eskolarteko Olinpiadak. 09:00etatik hasita, Tolosako Berazubi estadioak askotariko kirolen finalak hartu ditu. Harmailak beteta, joko-zelai guztiak koloretsu jantzi dira eskualdeko neska-mutilen kirol erakustaldiekin.

Solemnitate osoz hasi dute gaurko eguna Berazubi estadioan. Atletismo pistari buelta eman diote aurkezpen gisara, norbera bere koloreak jantzita. Desfilea irekitzen, eskola bakoitzeko ordezkari bana aritu da Tolosaldeko Eskolarteko Olinpiaden lona eramanez. Atzetik kirolariek desfilatu dute: Irurako Ikastola, Tolosako Herrikide Ikastetxea, Alegiako Herri Eskola, Tolosako Laskorain Ikastola, Amezketako Zumadi Eskola, Tolosako Samaniego Herri Ikastetxea, Asteasuko Pello Errota Ikastetxea, Anoetako Ikastola, Ibarrako Uzturpe Ikastola, Berastegiko J.A. Muñagorri Eskola eta Berrobiko Eskola.

Olinpiar izaerarekin bat eginik, argi-zuzia eraman dute ikastetxe bakoitzeko ordezkariek Berazubiko pistan, bikoteka. Ondoren, behin aurkezpenak amaituta, eta kirolari guztiak belar erdian zirela, argi-zuzia estadioko harmailetan zintzilikatuta utzi dute.

Askotariko kirolak

Goizean goizetik saskibaloian, eskubaloian, futbolean, pilotan, atletismoan, xakean eta herri kiroletan ariko dira lehiatzen LH 3-6 arteko ikasleak. Gainera, Berazubi estadioan ez ezik, Paper Eskolako zelaian ere ariko dira jokatzen norgehiagokak. Antolatzaileek Olinpiadak 14:00ak arte luzatzea espero dute; izan ere, orduan sari eta opari banaketarekin amaitutzat emango baitiote 2025-2026 Multikirolak programari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!