Amaterrak 'Polaris' diskoa aurkeztuko du, bigarrenez etxean

Ataria 2026ko maiatzaren 29a

Tolosako musika taldeak bere bigarren lana aurkezteko kontzertua egingo du, bihar, larunbata, Topic museoko antzokian. 19:00etan hasiko da, eta zenbait sarrera salgai daude oraindik.

Tolosan musika ia orduero bizirik dagoela esan ohi da, batez ere asteburuetan izan ohi diren ospakizunetan. Ia ez dago musika gabeko larunbatik, eta bihar ere, hala izango da. Goizean hasi eta egun osoan zehar, kaleko musikaren festa, Musikherria, izango da. 200 musikari inguruk parte hartuko dute. Goizean, kalejirak eta kontzertuak izango dira herriko zenbait txokotan, eta ondoren, bazkari herrikoia egingo dute Zerkausian. Arratsaldean, berriz, Les Incognitos taldeak Alde Zaharra girotuko du. Eta gauean, Moonshine Wagon eta Olloki taldeek kontzertuak egingo dituzte Euskal Herria plazan.

Musikherriaz gozatzeaz gain, herriko musika talde baten kontzertura joateko aukera ere izango dute tolosarrek. Izan ere, Amaterra taldeak kontzertua egingo du Topic museoko Antxon Elosegui antzokian. 19:00etan izango da, eta Polaris izeneko bere bigarren lana aurkeztuko du. Urtarrilean Gure Zirkuan egin zuten kontzertuan aurkeztu zuten lehen aldiz herrian, eta orain, Topic-en izango da emanaldia. Saiorako sarrera batzuk salgai daude oraindik esteka honetan.

Laida Dominguez, Maitane Ezpeleta, Xabier Valverde eta Iñaki Letamendia laukote tolosarrak sortu zuten Amaterra 2021ean. Urte hartan, Eter diskoa kaleratu zuen; iaz, berriz, Polaris.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!