Elkarrizketa

«Iparrizarrak beti markatu izan du gure jomuga»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko urtarrilaren 15a

Xabier Valverde eta Laida Dominguez Amaterra taldeko kideak 'Polaris' diskoarekin; etzi aurkeztuko dute Gure Zirkuaren karpan.

Amaterra laukote tolosarrak 'Polaris' bere bigarren lana aurkeztuko du etzi Gure Zirkuaren karpan, 19:00etan hasiko den kontzertuan; diskoak hartu duen dimentsioa dela eta, kolaboratzaileak izango dituzte.

Laida Dominguez, Maitane Ezpeleta, Xabier Valverde eta Iñaki Letamendia laukote tolosarrak Amaterra izeneko taldea sortu zuen 2021ean. Urte hartan, Eter diskoa kaleratu zuen; iaz, berriz, Polaris bigarren lana egin zuten. Etzi, etxean aurkeztuko dute, 19:00etan Gure Zirkuaren karpan egingo duten kontzertuan. Gogotsu daude, ilusioz gainezka. «Etxean aritzeak xarma berezia du», esan dute. Saiorako sarrerak salgai daude Gurezirkua.eus webgunean.

Leku berezia eta magikoa da Gure Zirkuaren karpa. Zergatik egingo duzue kontzertua bertan?

Xabier Valverde: 2023an kontzertu bat egin genuen bertan.

Laida Dominguez: Zoragarria izan zen, inoiz bizi izan dudan kontzerturik politena. Zirkuak duen esentziagatik izan liteke; zerbait berezia dauka. Publikoaren erantzuna ere oso ona izan zen, eta guztiak bat egin zuen kontzertu hartan.

Valverde: Magia berezia dauka, bai. Gainera, eskertzekoa da Gure Zirkua proiektuko talde zoragarriak egiten duen lana. Lagunak gara, eta gure ibilbideetan topo egin izan dugu. Beti eman digute laguntza gure proiekturako. Herrian aurkeztu nahi genuen diskoa, orain, urtarrilean, eta aurkezpen-kontzertua non egin pentsatzen hasi ginenean, aukera eman ziguten. Ez genuen zalantzarik izan.

'Polaris' du izena zuen bigarren lanak. Polaris iparrizarra da, Ursa minor konstelazioko distiratsuena. Diskoak badu zerikusirik harekin?

Valverde: Lotura bat du. Iparrizarrak beti markatu izan du gure jomuga, eta guk hausnarketa bat egin nahi izan dugu ideia horri tiraka.

Kantuetan jorratzen duzue gaia?

Valverde: Hori da diskoaren kontzeptua eta ideia nagusia, eta kantuek duten mezuek ere bide hori jorratzen dute.

Zer dela eta hartu nahi izan zenuten bide hori?

Valverde: Aspalditik nuen buruan ideia, eta erabaki nuen orain zela unea hori disko batean irudikatzeko.

Soinu melodikoak aztertzen dituzten bederatzi abesti biltzen ditu diskoak. Nolako bilduma da?

Dominguez: Talde bat gara, eta kide bakoitzak bere ukitua eman dio lanari. Guztiok gure alea jarri dugu disko honetan.

Xabier zu izan zara kantuen sortzailea edo erruduna. Nondik abiatu zinen horiek sortzeko?

Valverde: Ni izan naiz sortzaile nagusia, baina taldearen laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzateke emaitzak lortzea. Hortaz, guztiok gara errudunak. Ontzi berean goaz, eta guztion ekarpenari eta lanari esker daramagu bide beretik, hondoratu gabe; hori da niretzat Amaterra.

Eta nolakoa izan da kantuak sortu ondorengo prozesu hori?

Valverde: Prozesuak askotarikoak izan daitezke, eta dira. Nire kasuan, boladaka etortzen zaizkit doinuak burura; kanal bat sentitzen dut barrenean. Gero, doinuen oinarri horri forma ematen hasi eta taldekideekin elkartzen naiz, bakoitzak bere ekarpenak egin ditzan. Hasierako ideiatik harago heltzen gara beti.

Letrak ere zureak dira?

Valverde: Bai. Ni naiz errudun nagusia.

Dominguez: Gero, nik hitz batzuk kendu edo aldatzen ditut. [Barreak]

Beraz, horretarako lizentzia izaten duzu.

Valverde: Erabatekoa. Gainera, Laidaren ekarpena asko gustatzen zait beti. Maitanerena ere oso aberasgarria izaten da; haren ekarpenak beti narama pentsarazi eta hausnartzera.

Euskaraz egiten dituzue abestiak. Hasieratik egin duzue hautu horren alde.

Dominguez: Ez nuke esango hautu bat denik; naturaltasunez egindako zerbait da. Gure bizitzeko modua bada, sortzeko modua ere izan daiteke.

Valverde: Nik beti esaten dut lehengaia musikala dela; ondoren, hizkuntza, bakoitzak sentitzen duena. Gure ama hizkuntza euskara da, gaztelania ere bai; elebidunak gara. Baina, Laidak esan duen bezala, naturaltasunez sortu ditugu kantuak euskaraz.

Kolaborazio bereziak izan dituzue diskoan, ezta?

Valverde: Diskoan hiru kolaboratzaile izan ditugu: Mugan taldeko Pablo Zurutuza, Tolosan bizi den Jone Portela bizkaitarra eta Oneka Lopetegi. Hirurek ahots zoragarria dute. Oneka, gainera, oso pertsona berezia da niretzat. Nire betiko lagun baten alaba da, eta jaio zenetik ezagutzen dut. 16 urte besterik ez ditu, eta lehen aldiz parte hartu du disko baten grabaketan. Hirurek parte hartuko dute larunbateko kontzertuan.

Kolaborazio gehiago ere izango dira kontzertuan. Beti aritu izan gara laukote moduan, baina bigarren lanak hartu duen dimentsioa dela eta, gurekin izango ditugu Javi Navarro baxu-jotzailea, Jokin Garmendia biolontxelo-jotzailea eta diskoaren ekoizpen lanak egin dituen Fredi Pelaez teklista.

2021ean aurkeztu zenuten taldea, eta bost urte beranduago, dimentsio handiagoa hartu du. Nola bizi duzue hori?

Dominguez: Uste dut diskoak berak eskatzen zuela dimentsio handiagoa hartzea, eta horregatik egin dugu kolaboratzaile gehiagorekin aritzeko apustua. Soinua ere aldatu da bost urteotan; disko honetan beste tratamendu bat eman diogu, eta aberatsagoa da.

Valverde: Gu ere zertxobait aldatu gara, bizitzak hala markatzen digulako. Hala ere, larunbateko kontzerturako fidelak izan nahi genuen. Horretarako, grabatu dugunaren araberako kontzertua egin behar dugu.

Batzuek pentsatuko dute urte asko igaro direla disko batetik bestera.

Valverde: Ez dago arrazoi nagusi bat. Gu ez gara denboraren jabe, eta gauzak behar duten momentuan ateratzen dira. Denbora asko dela pentsatu dezakezu, baina baldin eta zertarako.

Dominguez: Niri, esaterako, oso azkar pasa zaizkit. [Barreak]

Valverde: Bakoitzak bere bizitza darama, eta hau zen bigarren diskoa egiteko unea.

Aurrerago, maiatzaren 30ean, Topic-en egingo duzue kontzertua. Orduan ere etxean, eta beste espazio magiko batean.

Dominguez: Lehen diskoaren aurkezpen-kontzertua egin genuen bertan. Oso akustika ona du, eta horrek oso berezi egiten du.

Eta badituzue data gehiago hitzartuta urte honetarako?

Valverde: Oraingoz ez. Etzikoa abiapuntua izango da, eta saiatuko gara aurrerago data gehiago zehazten. Gustatuko litzaidake herritik kanpo gure lana ezagutaraztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!