Eraso homofoboaren lekuko bila ari da Tolosako Udala

Ataria 2026ko maiatzaren 29a

Astelehenean eraso homofobo bat gertatu zen, eta Tolosako Udalak gertakaria ikusi zuten herritarrei eurekin harremanetan jartzeko eskatu die.

Tolosako Udalak azaldu duenez, herritar bati «indarkeriaz» eraso egin diote, eta «irain homofoboak jasan» ditu. Gertakariak aste honetan, astelehenean, gertatu ziren, eta udalak biktimari «babesa eta elkartasun osoa» helaraztearekin batera, esan du «errotik» gaitzesten duela gorroto, diskriminazio edo indarkeria adierazpen oro, «izan sexu-orientazioagatik zein genero-identitate edo adierazpenagatik». Udalak esan du etengabe dagoela biktimarekin harremanetan, eta hark eskatu diola gertakariaren testigantzak biltzeko. Horregatik, erasoa ikusi zuten herritarrei udalarekin harremanetan jartzeko dei egin die, informazioa osatzeko.
 
Bada, udalak zehaztu duenez, erasoa astelehenean, 13:15-13:20 inguruan gertatu zen, Sagrado Corazon eraikina eta San Frantzisko kaleko 39 zenbakiaren artean. Biktima  —42 urtekoa— bere amarekin zihoan, eta erasotzailea, berriz,—20 urte ingurukoa— lagun batekin zihoan, patinete elektrikoan. Udalak esan du erasoaren unean jende gehiago bazegoela inguru horretan, beraz, harremanetan jartzeko eskatu du, gertatutakoaren berri eman dezaten. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!