Tolosan eraso homofobo bat gertatu dela salatu du udalak

Ataria 2026ko maiatzaren 27a

Udalak esan du astelehenean herritar bat «indarkeriaz» eraso zutela eta «irain homofoboak jasan» zituela. «Babesa eta elkartasun osoa» helarazi dizkiete erasoa jasan duen herritarrari eta haren ingurukoei.

Tolosako Udalak adierazi duenez, astelehenean, «indarkeriaz» eraso egin zioten herritar bati, eta «irain homofoboak jasan» zituen. Horrelako erasoek pertsonen askatasuna eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzte, eta ez dute lekurik errespetuan, aniztasunean eta bizikidetzan oinarritzen den gizarte batean», gaineratu du.

Erasoa jasan duen herritarrari eta haren ingurukoei «babesa eta elkartasun osoa» helarazi dizkio udalak. Era berean, berriz adierazi nahi izan du «errotik» gaitzesten duela gorroto, diskriminazio edo indarkeria adierazpen oro, «izan sexu-orientazioagatik zein genero-identitate edo adierazpenagatik». Halaber, erasoa ikusi zuten herritarrei udalarekin harremanetan jartzeko dei egin die, «gertatutakoari buruzko informazioa osatzeko».

Udalak esan du lanean jarraituko duela Tolosa «herri aske eta segurua» izan dadin, «pertsona guztiek, beldurrik gabe, bere sexu-orientazioa eta identitatea askatasunez eta duintasunez bizitzeko aukera izan dezaten. Elkartasunarekin, erantzukizun kolektiboarekin eta errespetuarekin erantzungo diogu gorrotoari».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!