Futbol etikoagoa eta osasungarriagoa sustatzen laguntzea helburu duen egitasmo berria da Futbol 00. Behetik gora eragin nahi du, hau da, entrenatzaileekin eta gurasoekin egingo da lanketa, tresna egokiak erabilita jokabide eta ohitura txarrak aldatzeko. Ekimenak Tolosako Udalaren babesa du, eta ekainaren 3an aurkeztuko dute Topic-en egingo duten solasaldian.
Talde-lanaren, lehiakortasunaren eta anbizioaren onurak gazteen heziketak izenburupean 19:00etan hasiko da Zuriñe Iglesias kazetariak gidatuko duen solasaldia. Gorka Etxeberria entrenatzailea eta Futbol 00 ekimenaren arduradunak, Andu Martinez de Rituerto tolosako alkateak, Ainhoa Artolazabal ikastolako zuzendaria eta txirrindulari ohiak eta Jagoba Arrasate Euskal Selekzioaren entrenatzaileak hartuko dute parte. Azken honek online moduan parte hartuko du. Entrenatzaile, kirolari eta herritar orori dago zuzenduta, eta bertaratzeko gonbita zabaldu dute.
Etxeberriak adierazi duenez, Futbol 00 egitasmoak «gizarte mugimendu masibo bat» bilatzen du: «futbolaren barrutik eta ingurutik portaera etiko eta osasungarri eraginkor bat sustatu nahi dugu». Horretarako, helduei beharrezko tresnak emango zaizkie, ondoren adingabeen kirol-jardueran zeregin eta laguntza egokia izan daitezen. «Kirol mundu osorako erreferentziazko programa bat izatea nahi da, gai izango dena pertsonak mobilizatzeko eta portaerak eraldatzeko prozesuak antolatzeko, eta aitortua izango dena kalitateagatik, eraginkortasunagatik eta etikagatik».
Egitasmoa berritzailea dela nabarmendu du Etxeberriak, egunero lanean ari direnekin lan egingo dutelako, metodologiak pedagogia positiboa sustatzen duelako, eta guztiei zuzenduta dagoelako. «Ez du soilik gaizki aritzen direnen portaerak aldatu nahi, baizik eta ados daudenak bildu, indarra hartu eta testuinguruak aldatzeko balioko du».
Horretarako, hiru alorretan egingo dutela lan azaldu du: «Lehena, adin txikikoen arteko harremanekin, indibidualistagoak direnekin edo talde sentsazioa dutenekin; bigarren alorra lehiakortasunarena da, edonork ulertu dezakeelako lehiakortasun toxikoa txarra dela, baina gure ustetan, lehiakortasuna eta anbizioa modu positiboan ulertuta, herria, taldea edo norberaren hazkunderako ezinbesteko baliabidea izan daiteke. Eta hirugarren alorra gurasoen akonpainamendua edo zainketa da, askotan gurasoak baitira presioa sartzen dutenak edo testuinguru guztia zakartzen dutenak».
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatearen ustetan, kirolak «balore positiboak» sustatzen dituen eskola izan behar du. «Balore positibo horien artean dago elkarlana, arauen errespetua eta lehia. Batzuentzat lehia ez da zerbait positiboa, baina lehia positiboa izango da, baldin eta irakurketa egokia egin eta ondo bideratzen bada; gazteei apaltasunez irabazten eta duintasunez galtzen erakutsi behar diegu». Alkateak azaldu du udaletik sustatu nahi duten kirol ereduarekin bat datorren egitasmoa dela Futbol 00, eta horregatik babestu eta abiatu dutela Futbol 00 Tolosa.
Gainera, Tolosa 00 kontzeptua ere jorratzen hasiak direla jakinarazi du Etxeberriak, «beste kirolei eta herritarrei ere irekia egongo den egitasmoa izango delako». Mugimendu sozial independentea dela, eta mota guztietako pertsona eta erakundeen topagunea dela esan du Etxeberriak. «Proiektua irabazi-asmorik gabeko elkarte baten bitartez artikulatuta dago, eta erakundeekin lankidetza publiko-pribatuan lan egingo du, batez ere Kirol Gaztea Fundazioarekin eta Kirol Kontseilu Gorenekin».