Palestinarekin Elkartasuna elkarteak kotxe karabana egingo du gaur, atxilotuen askatasuna eskatzeko. 19:30ean aterako dira Tolosako suhiltzaileen pareko aparkalekutik.
Israelek Gazan ezarritako setioa amaitzea helburu duen Global Sumud Flotilla egitasmoaren azken ekinaldian 50 ontzi inguru atera ziren, iragan astean, Marmaris hiriko portutik (Turkia), baina guztiak atxiki dituzte. Gaur iritsi dira Axdod hiriko portura (Israel) atxilo hartutako zenbait ekintzaile. Guztira, flotillako 428 kide ditu gatibu Tel Avivek.
Flotillari lege laguntza eskaintzen dion erakundeak, Adalah izenekoak —Israelgo Gutxiengo Arabiarren Defentsarako Zentroak—, jakinarazi du iritsi direla jada Israelera gatibu hartutako lehen ekintzaileak. Atzo gauen jakinarazi zuen Israelgo Atzerri Ministerioak atxilo hartutako ekintzaile guztiak Israelera bidean zihoazela.
Apirilaren 15ean abiatu zen ontzidia Bartzelonako portutik, Gazako palestinarrei ezarritako blokeoa hausteko asmoz. Eta hilabete horren amaieran, Israelgo militarrek ontzidiko 22 itsasontzi atzeman zituzten Kreta uhartetik hurbil (Grezia). 175 kide inguru hartu zituzten gatibu, eta ia guztiak uharte horretatik jaioterrira deportatu zituzten. Saif Abu Kexek palestinarra eta Thiago Avila brasildarra, ordea, Israelgo kartzela batean eduki zituzten preso maiatzaren 10era arte. Halere, Global Sumud Flotillak beste saiakera bati ekin zion aurreko astean, eta orain ontzi horiek ere atzeman ditu Israelek, Zipretik hurbil, nazioarteko uretan.