Enric Juliana eta Raquel Martí Uzturre Foroan, maiatzaren 27an

Ataria 2026ko maiatzaren 20a

Manuela Carmena egon zen Uzturre Foroaren azken solasaldian. Iturria: Tolosako EAJ

Mundu mailan dagoen egoera politiko konplexu eta nahasiari buruz ariko dira Juan Carlos Etxeberria kazetariaren gidaritzapean.

Uzturre Foroak zazpigarren ekitaldia iragarri du. Maiatzaren 27an izango da, eta oraingoan Enric Juliana eta Raquel Martí gonbidatu dituzte. Juan Carlos Etxeberria kazetariak gidatuko du solasaldia, Egungo munduaren noraeza berbideratzeko gakoak izenpean.

Enric Juliana kazetaria eta La Vanguardia egunkariko zuzendariondokoa da. «Astero argitaratzen dituen kronika politikoek Estatuko analisi politikoaren ahots ezagunenenetako bat bihurtu dute, kazetaritza zorrotza eta bokazio literario nabarmena uztartzen dituen estilo batekin». Bere azken liburua, Viaje hacia un Nuevo Mundo (Arpa, 2026), Esteban Hernándezekin batera idatzia, Gerra Hotzaren ostean sortutako ordenaren amaiera eta inperioen itzulera, Europako krisia eta mendebaldeko demokrazien eraldaketa sakonaren ezaugarriak dituen garai berri baten sorrerak jorratzen ditu.

Raquel Martí Historian doktorea da. Hamarkadetan zehar Asian, Afrikan eta Latinoamerikan lan egin du GKEen proiektuen zuzendari gisa, eta Ekialde Hurbilean Giza Laguntza eta Larrialdietako proiektuetan. Gaur egun UNRWAko (NBEren Palestinar Errefuxiatuentzako Agentzia) Espainiako zuzendari exekutiboa da. Raquel Martí Gazan gertatzen ari den sarraskiaren ondorio humanitarioak azaltzen komunikabideetan gehien entzun eta aipatzen den ahotsetako bat da.

Uzturre Foroak egungo munduaren noraeza berbideratzeko analisi-gakoei buruz aritzea proposatu die…: «Trump, Putin, Netanyahu, Ukraina, Gaza, Iran, Libano... ekonomia, energia, inflazioa, ongizatea... dena Ormuzko itsasartearen menpe. Legez kanpoko gerrak, muturreko eskuinen eta erregimen autoritarioen gorakada, migrazio-mugimenduak eta jarrera xenofoboak, klima-aldaketa, krisi demografikoa, polarizazioa, desinformazioa, edo adimen artifizialak eragindako zalantzak... Giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea, multilateralismoa, Nazio Batuak, Europar Batasuna...»

Ekitaldia datorren maiatzaren 27an, asteazkena, 19:00etan izango da Tolosako Topic-en. Galdera-erantzunetako elkarrizketa formatua izango du, eta Juan Carlos Etxeberria kazetariak dinamizatuko du topaketa. Sarrera librea izango da, aretoa bete arte.

Uzturre Foroko Adiskideak

Uzturre Foroak berriz ere baliatu nahi izan du aukera hau gogoratzeko Uzturre Foroko Adiskideak figura sortu duela, entitate berria berarekin harremanetan egon, eta Tolosaldean bere helburuak babesten interesa duten pertsona guztiei irekitzeko. Maiatzaren 27ko ekitaldian informazio-diptikoak banatuko dituzte, nahi duenak izena eman ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!