Gazteriarekiko eta Euskal Herriarekiko konpromisoak berretsi ditu Ernaik

Ataria 2026ko maiatzaren 18a

Gazteriaren behar eta kezkak politizatu eta askapen prozesuan txertatzeko ardura hartu du ezker abertzaleko gazte erakundeak, Bergaran amaitu berri duen laugarren kongresuan.

Ezker abertzaleko gazte antolakundeak, Ernaik, laugarren kongresua amaitu berri du Bergaran. Maiatzaren 9an ospatu zuten urte osoan zehar prestatzen egon diren ekitaldia, eta bertan 800 lagun inguru baino gehiago bildu ziren. Kongresuan, prozesuaren nondik norakoak azaldu eta hipotesi estrategikoa aurkeztu zuten. Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak ere hitza hartu zuen.

Egungo testuinguruan, Ernaik gazte ororentzat tresna eta helduleku izan nahi duela adierazi dute. Horretarako, euren esanetan, «antolakunde zabal eta indartsua beharrezkoa da, ildo politiko definituarekin eta gazte independentistak askapen prozesura batzeko balioko dutenak».

Era berean, antolakundearen bi konpromiso nagusiak berretsi dituzte; hain zuzen, Gazteriarekikoa eta Euskal Herriarekikoa. Hala, antolakundetik nabarmendu dute «ez dutela etsiko, Euskal Herria askatasunera eraman eta gazteria duintasunez bizi arte». Horretarako, antolakundea indartu beharra dagoela azpimarratu dute egungo erronkei erantzuteko gaitasuna izango duen egitura eraikiz.

Azkenik, argi utzi dute garaiak borroka eskatzen duela eta Euskal Herria aske, sozialista, feminista eta euskaldunaren alde lanean jarraituko dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!