Tolosako Udal Musika Bandak 2021ean egin zuen, lehen aldiz, Egun Batez Bandakide kontzertua, Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako ikasleak bandara gerturatzeko helburuarekin. Aurten, laugarrenez egingo dute, eta 83 ikasle ariko dira bandarekin. Idoia Balzak zuzenduko du kontzertua, eta joko dituzten hamar obretatik sei estreinakoz joko dituzte.
Zer da Egun Batez Bandakide kontzertua?
Duela urte batzuk hasi genuen bandaren eta musika eskolaren arteko elkarlana. Ikasleek bandarekin harreman zuzenagoa izatea nahi genuen. Musika eskolako ikasleak naturalki sartu ohi dira bandan, baina iruditzen zitzaigun jauzi hori eman aurretik banda zer den ezagutu eta bertan jotzeak zer suposatzen duen jakitea falta zitzaiela, eta horretarako aukera eman behar geniela. Horrela sortu zen kontzertu hau egiteko aukera.
Zer helburu du?
Ikasleak bandara gerturatzea. Haientzat hieratikoa den zerbait da banda, urrun ikusten dute, eta uste dut garrantzitsua dela herriko bandan jotzeko aukera ematea. Motibazio-ariketa handia da haientzat. Aurrerago, akaso, ikasle hauek egongo dira orain gu gauden tokian, edo ez, gertatu daitekeelako ikasleren bati esperientzia ez gustatzea, baina hori jakin aurretik ere probatu egin behar dute. Guretzat ere interesgarria da proiektua, musika eskolako ikasleek duten maila ezagutzeko.
Noiz izan zen lehen aldia?
2021ean, eta handik urtebetera izan zen bigarrena, baina lan handia ematen zuela eta, bi urtez behin egitea erabaki genuen. Hortaz, laugarren edizioa izango da.
Zerk ematen du lan handia?
Musika eskolak ikasturtean zehar bere dinamika du, hau da, kontzertuak eta entzunaldiak egiten dituzte. Horri ikasleekin bandako errepertorioa landu beharra gehituz gero, lan handiak dira, eta beste gauzetarako denbora gutxiago izaten dute irakasleek. Gainera, urtero eginez gero, monotonoa bihurtu daiteke.
Zein obra aukeratu dituzu kontzerturako?
Haurtzarotik hasi eta nerabezarora arteko musika entzungo du publikoak, besteak beste, Mary Poppins, Minutu bat goizero, Arratsalde honetan, Moon River, Every Breath You Take (The Police) eta The Neverending Story. Guztira, hamar obra izango dira, eta horietatik sei lehen aldiz interpretatuko ditugu.
Musika eskolako ikasleetako batzuk ariko dira bandarekin, baina zeren arabera aukeratzen dira?
Ikasketa buruarekin hitz egin nuen, eta erabaki genuen aukera ematea gehien saiatu diren ikasleei edo obrak ikasteko gaitasuna erakutsi dutenei. Ondorioz, egun batez bandakide izatea ikasturtean zehar egindako lanaren saria da. Bandan ditugun instrumentuak ikasten ari direnak, txistua, esku soinua eta harizko instrumentuak ikasten ari direnak eta pianista bakarlari batek parte hartuko dute, baita abesbatzak ere. Guztira, 83 ikasle izango dira, gehienak, 12 eta 16 urte artekoak.
Zer moduzkoak ari dira izaten orain arteko entseguak?
Oso onak. Gurekin ariko diren ikasle ia denak ikasleen bandako kideak dira, beraz, entseguak egitea eta partiturak ikastea ez da zerbait berria izango haientzat. Hala ere, bandako obrek beste tesitura bat eta zailtasun-maila handiagoa dute. Oraingoz, primerakoa izaten ari da haien jarrera; motibazio handiarekin daude eta arreta handiz jarraitzen dituzte azalpenak. Gainera, ozentasunean nabari da ikasleen ekarpena. Bandako kideontzat ere motibagarria da hori.
Aurrera begira, baduzue kontzertu berezirik prestatuta?
Bi urtez behin, sanjoanen aurretik, saio berezi bat egin ohi dugu, eta aurten, ekainaren 13an izango da. Euskal abesti ezagunen bilduma bat interpretatuko dugu, eta Demode Quartet taldeko Joli Paskualenak eta Iker Huizik abestuko dituzte; adibidez, Barricada, Janus Lester eta ETS taldeen kantuak entzungo dira. Xabier Zabalaren moldaketak dira, eta harekin jarri ginen harremanetan, partiturak lortzeko.