Maiatzaren Leheneko manifestazioa egin du LAB sindikatuak Tolosan. Sindikalismo borrokalari, independentista, feminista eta antiarrazista garatzen jarraitzeko deia egin dute mobilizazioaren amaieran Plaza Berrian egin duten ekitaldian. «Langileen errealitateari hobekien erantzuten dion sindikatua gara», esan du Joana Mendez LABeko ordezkariak.
Langile guztien bizitza duina ziurtatzeko deia egin dute sindikatu abertzaleko kideek. Arrakala matxistak, arrazistak eta belaunaldi artekoak borrokatzeko, LAB zabaltzen jarraitzea da bidea, Mendezek azpimarratu duenez. Erregularizazio masiboaren dekretua garaipen sozial gisa hartu du: «Prozesu horietan laguntzeko eta inplikatzeko prest gaude. Ez dugu onartuko langile migratzaileak eskulan merke gisa instrumentalizatzea».
Soldaten eta pentsioen hobekuntzaren aldeko borrokan, pentsiodunen borroka goraipatu dute LAB sindikatutik, eta, horrekin batera, eredugarritzat jo dute joan den martxoaren 17ko greba orokorra. Negoziazio kolektiboetan lehen emaitzak loratzen hasi direla esan du Mendezek. «Patronalak eta gobernuek mespretxatu egiten dituzte gure proposamenak. Jada inork gutxik sinesten du Pradalesen egiteko modu berrietan. Elkarrizketa Sozialerako Mahaian aurkeztutako akordioak Eusko Jaurlaritzaren izaera autoritario eta antidemokratikoan sakontzen du, eta Confebask zuritu, sindikalismo otzana hauspotu eta klase-sindikalismo soberanista zigortu nahi ditu. Jai dute, ordea; ez dute lortuko. Ez gaituzte kikilduko, geure apustuan berresten gara».
Etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata eta pentsio duinen aldeko mezua zabaldu du gaur LABek, Langileok eragin lelopean. Gaurko mobilizaziora batu da Ernai gazte antolakundea. Haren izenean hitz egin du Plaza Berrian Manex Garmendiak: «Gero eta bortitzagoa da bizitzaren eta kapitalaren arteko talka, eta gero eta gordinagoa da krisia eta zapalkuntza. Aukera bakarra, beraz, jendarte sozialista eraikitzea da; eta, horretarako, gurean, Euskal Herriaren askapen nazionala erdiestea ezinbesteko urratsa da». Ernairen ustez, urtez urte, eta egin diren borroka guztiekin, baldintzak erein dira askapen nazionala eta soziala erdiesteko.
Herrien arteko elkartasuna
Gaur, munduko herri langileei begira jarri dira Tolosatik. LABeko kideek elkartasuna adierazi diote Kubari, Saharar herriari eta, noski, Palestinari: «Elkartasun Flotillan doa LAB. Israelgo estatu kriminalaren erasoen gainetik, lurrez, airez eta itsasoz, genozidioa geldiarazi behar dugu», esan du Mendezek.
Injerentzien aurrean, herrien burujabetza eta ongizatea defendatzen ditu sindikatu abertzaleak. «Ez dugu gerraren faktura langileok ordainduko; ez dugu gerraren aitzakian enplegu galerarik onartuko, ez eta lan baldintzak okertzea, bizitza garestitzea edo zerbitzu publikoak ahultzea ere». Plaza Berrian egindako ekitaldian gogoratu dituzte Iberdrolak eta Repsolek euren irabazien berri emanez argitaratutako datuak. «Lotsagabe batzuk dira. Bada garaia kapital handien poltsikoetan eskua sartzeko. Ez dugu onartuko aberastasuna gutxi batzuen eskuetan metatzea».
Langileen aldeko politikak aldarrikatu ditu LABek gaur Tolosan: enplegua, zaintza lanak eta ondasunen banaketa. Euskararen kontrako oldarraldiari erantzuteko eskatu dute, eta deia egin dute maiatzaren 9an eta ekainaren 13an, Bilbon eta Iruñean, euskaltzaleek dituzten hitzorduetara joateko.