Lehian hasi eta bigarren urtean mailaz igo da Tolosako xake taldea

Ataria 2026ko apirilaren 29a

Gipuzkoako Bigarren Mailara igo da Tolosa Enroke Xake Kluba, Hirugarren Mailako liga irabazi eta gero. Hamabi jokalarik osatu dute taldea eta txandaka joan dira parte hartzen.

Orain hiru urte sortu zuten Tolosako Enroke Xake Kluba, eta lehenengo urtean ez baziren animatu lehiatzera, azken bi denboralditan Gipuzkoako ligan jokatzen aritu dira. «Aurreko urtean animatu ginen lehiatzera, eta aurten lehenengo arrakasta lortu dugu Gipuzkoako Bigarren Mailarako igoera lortuta», esan du Mikel Aretxaga klubeko kideak. Gipuzkoako Hirugarren Mailan zegoen taldea, oinarrizko maila, eta mailaz igotzea lortu dute emozio handiko amaiera batean.

Xake neurketetan talde bakoitzetik lau jokalarik parte hartzen dute, eta bakoitzak partida bat jokatzen du beste taldeko jokalari baten aurka. Urtarrilean hasi eta martxo bukaera arte izan ohi da liga. «Guk abendu aldean galdetu genuen klubean zeinek nahi zuen parte hartu, eta hamabi kide animatu ginen», esan du Aretxagak. «Neurketa bakoitzean erabaki dugu zeinek jokatu, jokalari bakoitzaren agendaren arabera eta aurkaria zein den ikusita». Etxeko partidak Usabal kiroldegian jokatu dituzte, eta ez dute iraupen finkorik, baina gehienez lau ordutakoak izan ohi dira. Halere, gutxitan iritsi dira hainbeste irautera.

Liga bi fasetan banatu da. Bi multzo egin ziren bakoitza hamar taldekoak, eta multzo bakoitzeko lehen bi taldeak hurrengo faserako sailkatzen ziren. Tolosa lehen postuan geratu zen beraien multzoan, eta Zarautz bigarren. Beste multzoan Beraun D eta Beraun C sailkatu ziren. Ligaxka egin zuten lau talderen artean, eta partida guztiak jokatu ondoren berdinduta geratu ziren Tolosa eta Beraun D. «Ez genekien berdinketa nola hautsiko zen, eta azkenean guri eman ziguten ligaren garaipena», esan du Aretxaga.

Datorren urteari begira kluba irekita dago parte hartzaile berriak hartzera. «Ikusi beharko da zein jokalari gauden. Pentsatzen dut aurten ibilitakoak errepikatuko dugula; asmoa behintzat taldeari eustea da». Ostiralero biltzen dira kultur etxean 17:30ean, eta klubeko hogei bat kide inguru joaten dira bertara. «Horrez gain, haurrak ere joaten dira ostiral arratsaldeetan, eta dozena bat izango dira».

Egitasmoak antolatzen

Kluba sortu zutenetik hainbat egitasmo antolatzen dituzte. «Ostiraletan elkartzen gara xakean jokatzeko, eta gehiago ikasi nahi duenak aukera du ere horretarako», zehaztu du Aretxagak. «Horrez gain, ikasturtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, eta lehenengoa Berazubiko jaien inguruan izaten da». Aurreko irailean Alzheimer gaixotasuna ikustarazteko Buru Bihotzez elkartearekin memoria lantzeko ariketak egiteko egitasmoa antolatu zuten. Bestalde, elkarteen arteko estropadan parte hartzeko ontzia osatu zuten klubetik. Gure Kaiola elkartean txapelketa ere antolatu zuten.

«Gure txapelketa indartsuena ekainean izaten da, San Joan Txapelketa, hain justu San Joan jaien inguruan», nabarmendu du klubeko kideak. Aurtengoan ekainaren 13an izango da, eta klubeko sare sozialetatik zabaltzen joango dira txapelketaren inguruko xehetasunak. Horren inguruan edota ostiraleko saioei buruz galdetzeko tolosaxake@gmail.com helbidera idatzi daiteke klubekoekin harremanetan jartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!