Tolosako San Joan jaiak 2026

Heldu da sanjoanetako protagonistak proposatzeko unea

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko apirilaren 28a

Tolosa Kantariko kideak, iazko San Joan jaietako txupinazoan. ASIER IMAZ

Zabalik daude jaietako txupinazoa nork botako duen proposatzeko galdetegia eta kartel lehiaketara lanak bidaltzeko epea; maiatzaren 11 izango da azken eguna.

Ekainaren 19tik 24ra izango dira aurten Tolosako sanjoanak. Apirilaren 14an, Tolosako Udalak deituta, lehen bilera irekia egin zuten, jai batzordea osatu eta festak antolatzen hasteko. Orain, berriz, jaiak iragartzeko kartela hautatzeko lehiaketari eta festei hasiera emango dien txupinazoaren ekitaldiari buruzko xehetasunak eman ditu udalak.

Batetik, beste urte batez, herritarrek proposatu dezakete txupinazoa nork botako duen. Proposamenak egiteko galdetegia eskuragarri dago udalaren webgunean, maiatzaren 11ra bitarte; egun horretako 14:00etan amaituko da epea. Hautagaitzak aurkezteko, Tolosan erroldatuta egon behar da eta 16 urtetik gora izan. Gainera, udalaren Herri Entitateen Erregistroan jasota dauden elkarteek ere aurkeztu ditzakete hautagaitzak.

Pertsonak, taldeak edo elkarteak proposatu daitezke txupinazoa botatzeko hautagai modura. Hala ere, zenbait ezaugarri bete behar dituzte, hala nola, herriarekin lotura izatea, Tolosari ekarpena egin izana, komunitatearen ongizatea bilatzea, bizitza kultural edo soziala sustatzea eta zenbait balio sustatzea, hala nola, kultura, genero berdintasuna, aniztasuna, euskara eta gizarteratzea. Kultura, Festak eta Gazteria Sailak aztertuko ditu jasotako proposamenak, eta gero Jai Batzordera eramango dituzte.

Bestetik, azken urteetan bezala, herritar batek diseinatuko du San Joan jaietako kartela. Dagoeneko martxan dago jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa irekia, artista afizionatu zein profesionalei zuzendua; maiatzaren 11ra bitarte aurkeztu ditzakete lanak. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru irudi aurkeztu ditzake, eta hautatutako diseinua publizitatean nahiz jaietako iruditerian erabiliko du udalak.

Proposamena aurkezteko oinarriak udalaren webgunean kontsultatu daitezke. Erabilitako irudiek generoen arteko oreka izan beharko dute, rol eta estereotipo tradizionalak indartu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu orientazioagatik gutxiesteko tratamendurik gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!