Ravel Akademiak Jon Esnaola Agirre musikagile tolosarra hautatu du Ipar Euskal Herrian egingo den Ravel Jaialdiaren barruan antolatutako konposizio jardunaldien bosgarren ediziorako. Musika klasikoaren testuinguruan, mundu mailako ekitaldi garrantzitsuenetakoa da Ravel Jaialdia, Maurice Ravel musikagile ziburutarraren omenez ospatzen dena bere jaioterrian eta inguruko herrietan, batez ere, Donibane Lohizunen.
Jaialdia abuztuaren 26tik irailaren 5era izango da, eta Manuel de Falla musikari andaluziarraren jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko dute. Ez dira faltako kontzertuak eta ibilbide artistikoak. Konposizio jardunaldiak, berriz, lehenago hasiko dira, abuztuaren 17an, eta hilaren 30era bitarte izango dira. Hector Parra musikagile espainiarrak gidatuko ditu jardunaldiak, talentu handiko musikari gazteak eta irakasle entzutetsuak elkartuko dituzte, eta aukera izango dute eskola magistralak eta ikastaroak egiteko.
Bada, konposizio jardunaldietarako, 25 eta 34 urte bitarteko bost musikagile hasiberri hautatu ditu Ravel Akademiak, tartean, Esnaola. Sophia Chambon, Damian Gorandi, Guillem Palomar eta Guilherme Ribeiro dira gainerako lau musikagileak. Hautatutako musikagileek aukera izango dute elkar ezagutu eta aberasteko, baita irakasle talde bikain baten tutoretzapean egoteko ere, eta goi-mailako interpreteekin topo egingo dute.
Bost musikagileen lanak publikoki interpretatuko dituzte jardunaldietan, eta konposizio lehiaketan parte hartuko dute. Bakoitzak jaialdirako espresuki idatzitako obra bana eramango du, eta behin jardunaldiak igarotakoan, bost obretako bat sarituko du epaimahaiak. Irabazleak 2027ko Ravel Jaialdirako ordainpeko komisio bat jasoko du, Durand Salabert Eschig editorial entzutetsuaren argitalpen batekin batera. «Puntako musikagile eta artistekin lan egiteko aukera izango dut, eta hori da garrantzitsuena», esan du tolosarrak.
Esnaolak bi aste igaroko ditu Donibane Lohizunen, eta jaialdirako idatzi duen Hutsean obra entseatuko dute. Obra nola interpretatzen duten entzungo du tolosarrak, eta nahi adina aldaketa egiteko aukera izango du. Hirukote batentzat idatzi du: ahots sopranoa, perkusioa eta biolontxeloa. Gainera, obrak oinarri ditu musikagileak berak idatzitako zenbait olerki. «Hutsa hitzaren askotariko esanahiak erabili nahi izan ditut gauza desberdinei erreferentzia egiteko», adierazi du Esnaolak.
Esnaolak azaldu du ez duela sopranoa nabarmentzerik nahi, eta helburu duela hirukotean instrumentu bat gehiago izatea. «Askotan, sopranoa izaten da erdigunean, eta beste instrumentuen doinuak lagungarriak izaten dira. Kasu honetan, hirukote bat izango da, eta ahotsa beste instrumentu bat gehiago izango da, ez besteen gaindi egongo dena. Biolontxelo-jotzaileak eta perkusio-jotzaileak ere ahoskatuko dituzte testuak».
'Urpean ulu', estreinatuta
Larunbatean, London Sinfoniettak Esnaolaren Urpean ulu obra estreinatu zuen Donostiako Musikenen, Musika Garaikidea Sortzeko Masterraren barruan goi mailako musika ikastegira egindako bisitan. Hiru eguneko topaketa izan zen, eta entseguak, ikastaroak eta eskola magistralak egin ondoren, kontzertua egin zuten auditorioan. Emanaldian Musikeneko Sorkuntza eta Interpretazioko ikasleek sortutako obrak estreinatu zituzten, tartean, tolosarrarena.
Urpean oihu egin eta entzun ezin izateari buruz hitz egiten duen obra da Urpean ulu, seikoterako idatzitakoa: flauta, klarinete, perkusioa, arpa, biolina eta biolontxeloa. Mohammed el-Kurd olerkari palestinarraren olerki batean oinarritu da Esnaola obra idazteko: Ez du axola zein sakon urperatzen den, egia beti azaleratuko da. «Ahotsean jarri nahi izan dut fokua, soinuak sortzeko beste instrumentu bat izan daitekeelako, eta, gainera, interprete guztiek dute», azaldu du musikagile tolosarrak. Hori dela eta, sei interpreteek olerkia errezitatzen dute obra honetan.
Ahotsetan interesatuta
Urte hasieran, Kataluniako Musikari Gazteen Federazioak 25.000 euroko diru laguntza eman zion Esnaolari, bi obra berri sortzeko. Bietako bat formatu txikikoa izango da, ganbera-lana; bestea, berriz, formatu handikoa, obra sinfonikoa. Lehena seikote baterako idatziko du: flauta, klarinetea, perkusioa, pianoa, biolina eta biolontxeloa. Oihuen oihartzun izena izango du, eta abendurako idatziko du. Bigarrenak Xuxurlak du izena, eta irailean estreinatuko du Kataluniako Gazte Orkestrak.
Musikagileak azaldu duenez, biek ezaugarri bat dute komunean: ahotsa. «Kontzienteki txertatzen dut ahotsa nire obretan, soinu-errekurtso modura; ez dut instrumentuarentzat bakarrik idazten, baita musikari edo interpretearentzat ere. Noski, instrumentu bakoitzak eta gizakion gorputzak euren mugak dituzte».