Konposizio-beka bat eman diote Jon Esnaola Agirreri

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko urtarrilaren 7a

Jon Esnaola Agirre musikagile tolosarra. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

Kataluniako Musikari Gazteen Federazioak musikagile gazteei zuzendutako deialdian parte hartu zuen. 25.000 euroko diru laguntza jasoko du musikagile tolosarrak, eta, orain, argitaratu gabeko bi obra sortu behar ditu.

Kataluniako Musikari Gazteen Federazioak, Ferrer-Salat Musika Fundazioaren mezenasgoarekin, musikagile gazteei zuzendutako lau konposizio-beken deialdia egin zuen pasa den udazkenean, bakoitza 25.000 eurokoa. Lau helburu zituen deialdiak: musika garaikideko obra berriak sustatzea, sortzaileei urtebetez konposizioari eskaini ahal izateko laguntza ematea, interprete eta orkestrekin lankidetza bultzatzea, estreinaldien eta egoitzen bidez, eta egungo errepertorioa kalitatezko eta ibilbide profesionaleko proiekzioa duten obrekin aberastea.

Bada, beka horietako bat Jon Esnaola Agirre tolosarrari eman diote. Guillem Palomar Angi, Francisco Javier Sanchez Barajas eta Hugo Gomez-Chao Porta dira beste hiru sarituak. Balorazio-prozesu zorrotz eta partekatu baten ondoren hartu du erabakia epaimahaiak, eta honako hauek osatu dute: Joan Magrane, Josep Planells, Raquel Garcia-Tomas eta Fabia Santcovsky. Lau sarituek argitaratu gabeko bi obra konposatu beharko dituzte, Kataluniako Musika Gazteen Federazioaren programazioan estreinatuko direnak: ganbera-lana edo bakarlarientzakoa eta obra sinfoniko bat. Gainera, izendatutako interpreteekin egoitzetan eta entseguetan parte hartuko dute.

Ahotsak, soinu-errekurtso

Esnaolak esan du «pozik» dagoela, eta jakitera eman ditu sortuko dituen obren izenak: Oihuen oihartzun ganbera-lana eta Xuxurlak obra sinfonikoa. Musikagileak adierazi duenez, biek ezaugarri bat dute komunean: ahotsa. «Kontzienteki txertatzen dut ahotsa nire obretan, soinu-errekurtso modura; ez dut instrumentuarentzat bakarrik idazten, baita musikari edo interpretearentzat ere. Noski, instrumentu bakoitzak eta gizakion gorputzak euren mugak dituzte.

Xuxurlak obraren kasuan, bost minutuko obra landu nahi du Esnaolak. «Orkestra batentzat oso obra laburra da, baina ideia konkretu bat daukat buruan. Adibidez, 80 musikariko orkestra baten kasuan, soinu oso txikia edo baxua egitea nahiko nuke, ahalik eta gauza ñimiñoena, belarrira xuxurla moduko bat. Obra honetan ahotsa ez da soinu-errekurtso hutsa izango, hitzak ere egongo direlako, hitzen bidez ere transmitituko delako musika».

Esnaolak aitortu du aurrez egindako Urpean ulu obrarekin alderatuta, badituela antzekotasunak. «Antzeko bidea jorratu dut, eta instrumentazioari erreparatuta ere antzekoa da. Urpean uluk ur azpian oihu egitea esan nahi du». Obra berrirako, Mohammed el-Kurd idazle eta kazetari palestinarraren Rifqa poema-liburuko olerki bat erabiliko du tolosarrak. «Ideia politikoak ere transmititu ditzake», gaineratu du.

Oihuen oihartzun obraren kasuan, berriz, alderantzizko bidea jorratu nahi du Esnaolak: txikitik handira. «Nola entzuten da oihu baten oihartzuna kobazulo batean? Hori ganbara-talde baterako obrara eramaten saiatuko naiz». Kasu honetan, instrumentu hauek osatuko dute: flauta, klarinetea, pianoa, biolina, biolontxeloa eta perkusioa.

Irrintziaren imitazioa izango da obra horretako soinu-errekurtsoetako bat. «Hori instrumentu batekin egiten saiatuko naiz». Bestetik, pianoa eta bere tapa nahiz pedalak erabiliko ditu Esnaolak. «Pianoaren soken bibrazioarekin, kobazuloetako oihartzuna irudikatu nahi dut».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!