Osasun Sailak datu gehiago eman ditu Tolosan eraikiko duten ospitale publikoaren inguruan. Plan funtzionalaren berri eman zuen martxoan, eta orain esan du proiektua idazteko zortzi eskaintza jaso dituela. Aurreikuspenen arabera, kontratua ekainean formalizatuko dute, eta une horretatik aurrera hasiko dira eraikuntza proiektua idazten.
Sailak gogoratu du, Osasun Sailak eta Osakidetzak 107,6 milioi euro inbertituko dituztela azpiegitura horretan, eta aurreikuspenen arabera, eraikuntza-lanak 2028. urtearen erdialdean hasi eta 2031n amaituko direla. Ospitale berria Iurramendin egingo dute, eta 8.445 metro koadroko eremua hartuko du. Eraikinak zazpi solairu izango ditu, horietako lau gainazalean eta beste hiru lurpean. Hiru horietako bi aparkalekuak izango dira.
Osasun Sailaren arabera, ospitalearen proiektua garatzen ari den bitartean, osasun-arretan hobekuntzak egiten ari dira eskualdean: «2025eko amaiera aldetik, diagnostiko-zirkuitu azkarrak martxan daude, adibidez otorrinolaringologiako eta biriketako minbiziarenak, probak eta tratamenduak arintzea ahalbidetzen dutenak». Era berean, Lehen Mailako Arretaren eta Arreta Espezializatuaren arteko koordinazioa indartu dute, bereziki barne-medikuntzaren arloan. Izan ere, profesionalen arteko bilerak egin dira eskualdeko hainbat osasun-zentrotan, asistentziaren jarraitutasuna hobetzeko.
Osasun-eredu integratuagoa eta hurbilagoa
Onartutako plan funtzionalak asistentzia eredu «berritzailea, humanizatua, segurua eta jasangarria» duela esan du, eta «osasun-emaitzak hobetzera bideratua eta eskualdearen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko prestatua» dagoela gehitu du.
Horiek horrela, azpiegitura berriak 50 kanpo-kontsulta, kirurgia txikiko prozeduretarako hiru gela, eta hainbat espezialitate mediko izango ditu, hala nola, kardiologia, neurologia, ginekologia, traumatologia edo barne-medikuntza, besteak beste. Erradiodiagnostikorako eremu bat ere izango du, erresonantzia magnetikoaz, OTAz, ekografiaz eta erradiologia konbentzionalaz hornitua, lau ebakuntza-gelaz osatutako unitate kirurgiko bat —horietako bat oftalmologian espezializatua—, eta anestesia osteko errekuperaziorako unitate bat, 7 ohe eta 22 besaulkirekin.
Endoskopia-unitate bat, eguneko ospitale medikoa, laborategia, farmazia-zerbitzua, errehabilitazioa, etxeko ospitalizazioa eta larrialdietarako base bat ere izango ditu zentroak. Ospitalizazioari dagokionez, ospitaleak 90 ohe izango ditu, hiru unitatetan banatuta: paziente akutuak, egoera bereziak (adibidez, bakartzeak) eta egonaldi ertaina edo gaixondoa. Horrez gain, larrialdietako zerbitzuak triaje-eremua, kontsultategiak, 8 boxeko behaketa-eremua eta bizkortze-gela izango ditu.
Plan funtzionalaren arabera, ospitalearen funtzionamendurako osasun-arloko 380 profesional beharko dira: medikuak, erizainak, laguntzaileak, zeladoreak eta profil espezializatuetako profesionalak, hala nola fisioterapeutak, optometristak edo gizarte-langileak. Horiei zerbitzu orokorretako 98 profesional gehituko zaizkie. Langileen errefortzu horri esker kalitatezko arreta bermatuko dutela esan dute, eta euskal osasun-sistema publikoak zona horretan erantzuteko gaitasuna hobetuko duela; «horrela, ospitale berria erreferente izango da Gipuzkoan, batez ere prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan».