Errekorra ezarri dute

Ataria 2026ko apirilaren 25a

Beñat Hierrok irabazi du Bonba Jaleen Txapelketa. 17 bonba jan ditu eta errekor berria ezarri du. 

Berazubi Gastronomikaren barruan ekitaldi ugari izan dira gaur, hala nola, Tolosa eta Ibarrako elkarte gastronomikoen arteko VI. Parrilla Lehiaketa, haurrentzat postre ikastaroa eta VII. Postre Lehiaketa. Baina, agian, herritar gehien erakarri duena IV. Bonba Jaleen Txapelketa izan da.

Ikustera jende ugari bertaratu da, baina soilik bi animatu dira parte hartzera: Duela bi urte irabazi zuen Beñat Hierro Ferru eta Edorta. Ferruk 16 bonba eta erdirekin ezarri zuen marka 2024an, eta iazko lehiaketan ezin izan zuten gainditu. Aurtengoan, baina, Ferru bera izan da errekorra ezarri duena, 17 jan baititu.

Soilik bi parte hartzaile izan direnez, lehiaketa moldatu dute. 30 minutu izan ditu bakoitzak ahalik eta bonba gehien jateko. Bada, Edortak indartsu ekin dio, eta denbora erdira arte aurretik joan da. Baina, 15 minutu igaro direnean parekatu egin dira. 20 minuturen galga gaindituta, 14na bonba janak zituen lehiakide bakoitzak. Ordurako, aurrera egiteko zailtasunak nabari zitzaizkien biei, baina motel-motel Tolosako gozotegietako bonbak jaten jarraitu dute. 

16.a bukatzean, Edortak amore eman du, eta ondorioz, aurkariari eman dio garaipena. Bada, Ferruk 16.a bukatzean eta 30 minutuak gainditurik, denbora gehigarria izan du jarraitzeko. Jaten segitzea erabaki du, baina bonba bat gehiago jan ahal izan du. 17 bonba jan ditu 33 minutu eta 15 segundoan, eta errekorra ezarri du. Baita 100 euroko saria irabazi ere.

Lehiaketaren ondorik, musika izango da Berazubi auzoa girotzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!