Adimen artifiziala eta landa eremuari buruzko prestakuntza saioa

Ataria 2026ko apirilaren 24a

Uzturre Foroak landa eremuari eta herri txikiei egokitutako adimen artifizialari buruzko oinarrizko prestakuntza eskainiko du.

Prestakuntza Joseba Ormazabal aditu tolosarrak eskainiko du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuarekin elkarlanean.

Prestakuntza eskaintza honek hiru helburu nagusi dituela esan du Uzturre Foroak: «lehenik, adimen artifizialaren oinarrizko sarrera eskaintzea; bigarrenik, landa-eremuan izan ditzakeen erabilera praktikoak aurkeztea; eta hirugarrenik, landa ingurunean adimen artifizialaren aplikazioen adibide zehatzak partekatzea».

Helburu horien arabera, ordu eta erdiko prestakuntza modulua hiru zatitan banatuko dute: adimen artifiziala zer den eta nola funtzionatzen duen azalduko dute; adimen artifizialaren aukerak eta aplikazioak herri txikietan landuko dute; eta ariketa praktikoak eta landa eremuko erabilera adibideak emango dituzte.

Azpimarratu dute ez dela adimen artifizialari buruzko prestakuntza aurreratua, baizik eta oinarrizko edo hastapenekoa. «Lehen ekimen honek proba pilotu izaera du, eta haren ebaluazioak etorkizunean eskualdeko beste herrietara zabaltzeko aukerak zehaztuko ditu».

Adimen artifizialari buruzko prestakuntza Tolosako kultur etxean izango da, maiatzaren 5ean, asteartean, 18:30etik 20:00etara. Ikastaroan izena ematea doakoa izango da, eta honako bide hauen bidez egin ahal izango da: 943 11 20 54 (Miren) telefono zenbakian, edo info@uzturreforoa.eus helbidera mezu elektronikoa bidaliz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!