Hamabost urte egingo ditu Altzoan Guraso Elkarteak gurasoek dituzten hausnarketak eta zalantzak partekatu eta elkarri babesa ematen. Urteurrena festa giroan ospatu nahi dute, eta horretarako, maiatzaren 16an hainbat jarduera antolatu dituzte Tolosako 3 taberna dagoen plazan.
Arratsalde osoan puzgarriak izango dira, ponpa erraldoiak eta aurpegi margoketa. Horma-irudi bat ere osatuko dute haurrek egindako marrazkiekin, eta horrez gain, 0 eta 6 urte bitartekoentzat ipuin kontaketa saioa eta 6 eta 14 urte bitartekoentzat graffiti eta pizza tailerrak ere antolatu dituzte. Kontu Konta Kantaldia egingo dute, eta bazkideen afariarekin amaituko dute eguna. Tartean, opariak, zozketak eta musika ere izango dira.
Tailerretan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 6a baino lehen eman beharko dute izena gurealtzoan@gmail.com helbidera idatzita. Pizza tailerrean izena ematen duten bazkideek 5 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek 10 euro. Graffiti tailerrean parte hartzen duten bazkideek, berriz, 4 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek 8 euro. Bi tailerretan izena emateko aukera ere egongo da; bazkideek 8 euro ordainduta, eta bazkide ez direnek 15 euro. Bi tailerretan bi seme-alabak edo gehiagok izena emanez gero, prezio murriztua izango dute.
Familien bilgunea
Haurren hazkuntza eta hezkuntzari lotutako zalantzak, gogoetak eta kezkak elkartrukatzeko asmoarekin sortu zen Altzoan Guraso Elkartea. Bertako bazkideek gogorarazi dutenez, «Carmen Ferro emaginak gidatutako Villabonako edoskitze talde batean du jatorria. Lehen umeak jaioberri zituzten hainbat ama elkartzen hasi ziren han, bizitzako etapa berri horrek sorten zituen zalantzak, emozioak eta beharrak partekatzeko». Hasieran edoskitzea izan zen elkargune nagusia, baina laster ohartu ziren beste gai askoren inguruan ere hitz egiteko eta elkarri laguntzeko beharra zutela.
Horren ondorioz, Tolosako kultur etxean biltzen hasi zen guraso talde bat, familientzako gune bat sortzeko asmoz. Denborarekin elkartea hazten joan zen, eta hasierako beharrak aldatu ziren bezala, Altzoanen jarduna ere egokitzen joan zen. «Gaur egun, seme-alabak hazten ari diren familien topagunea da, heziketaren inguruan hausnartzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarri sostengua emateko», adierazi dute.
Bertako bazkideetako batzuk dira Maite Amondarain, Nerea Herrera, Naiara Lasarte, Myriam Arrue, Itziar Saenz de Ojer, Maider Elorza eta Eli Trojaola [Argazkiko protagonistak], eta Altzoan, batez ere, familien arteko sare bat dela azpimarratu dute: «Elkar entzuteko, ikasteko eta elkar elikatzeko espazioa. Gainera, umeekin batera bizitza soziala egiteko aukera ere sustatzen du, askotan gizartean existitzen den hutsune bati erantzunez».
Guraso Eskola
Bide horretan aurrerapauso garrantzitsua izan zen Tolosako Plaza Berriko Abastos gaineko solairuan irekitako lokala. Horrek familien bilgune fisiko eta erreferentziazko espazio bat eskaintzea du helburua, bereziki neguan. «Gauzak umerik gabe egitera ohituta gaude, bileretara joatea kasu, baina hainbat ekimen umeekin ere burutu daitezke. Gizartean hutsune bat dago eta, beste askotan, guk geure buruari muga hori jartzen diogu. Altzoan bide hori irekitzeko egitasmoa da», esan dute.
Guraso eskola egiteko elkartzen dira lokalean, hilabetean behin, Nerea Mendizabal psikologoak gidatuta. Saio horien helburua parte hartzaileek eguneroko egoeretan aplikatu ditzaketen tresnak eskuratzea da. Mendizabalen planteamenduak harremanen kalitateari ematen dio lehentasuna, eta burua eta bihotza uztartzea proposatzen du, hau da, arrazoia eta emozioa batera lantzea, bizikidetza osasuntsuagoa lortzeko.
Horrez gainera, hitzaldi eta tailer ugari egiten dituzte, bazkideen behar eta nahien arabera. Azken urteetan hitzaldi ugari antolatu dituzte; ume eramaileen eta Nappies pixoihalen inguruan, heriotzaren inguruan, familien ahalduntzearen inguruan, txertoen inguruan eta mugikorraren inguruan, besteak beste. Tailer asko ere egin dituzte, tartean, ilea moztekoa, clown tailerra, eskulanak egitekoa edota sukaldaritzarekin lotutakoak.
«Gurasoak gara eta gauzak egiten jarraitzen dugu; momentu honetan fokua beste leku batean dugu, baina horrek ez du esan nahi geldirik geundenik, eta gauza pila bat egin ditugu kontzientzia horretatik», gaineratu dute.
Bazkide izateko interesa
Elkartean maiz lantzen diren gaien artean daude amatasunaren eta aitatasunaren inguruko gizarte-presioak, kontziliazioa eta zaintzaren antolaketa. Baina, gurasoen ustez, oraindik erronka handiak daude: «Lan mundua eta familien beharrak uztartzeko zailtasunak, laguntza ekonomikoen falta edota umeen lehen urteetan beharrezkoa den presentzia bermatzeko aukerak».
Altzoanek testuinguru horretan babesa eta arnasa eskaintzen die familiei. Hausnarketarako, zalantzak partekatzeko eta erabaki propioak hartzeko espazioa da, betiere umeen ongizatea erdigunean jarriz.
Bazkide izateak dituen abantaila batzuk hurrengoak dira: lokalaren erabilera, tailerrak eta hitzaldiak antolatzeko ahalmena eta horietan parte hartzeko aukera prezio murriztuarekin edota guraso eskolan parte hartzeko aukera prezio murriztuarekin, besteak beste.
Altzoan elkarteko ateak zabalik dituzte familia mota guztientzat, bakoitzaren erritmoa eta errealitatea errespetatuz. Bazkide izateko interesa dutenek 30 euroko kuota ordaindu beharko dute, behin, modu sinbolikoan. Informazio gehiago gurealtzoan@gmail.com helbidera idatzita lor daiteke.
EGITARAUA: MAIATZAK 16, LARUNBATA
- 17:00-20:00. Puzgarriak, ponpa erraldoiak eta aurpegi margoketa.
- 17:00. Murala osatuko dute haurren marrazkiekin.
- 17:00-17:45. Ipuin kontaketa (0-6 urte).
- 17:00. Graffiti tailerra (6-14 urte).
- 18:30-19:30. Pizza tailerra (6 -14 urte).
- 19:30-20:15. Kontu Konta Kantaldia.
- 20:30. Bazkideen afaria.
