Udaberriko lehen loratzeekin batera, dagoeneko herrian errotu eta loratu den ekitaldi bat izango da datorren astean Tolosan, zehazki, Berazubi auzoan. Bertako auzo elkarteak zazpigarrenez antolatu du Gastronomika jaialdia. Apirilaren 20tik 26ra egingo dute, eta azken urteetan antolatu izan dituzten lehiaketa gehienek segida izango dute, baita herritar gehien erakartzen dituen bonba jaleen txapelketa ere.
Aurten, Aste Santua eta Pazko astea izan dituzte berriki, eta horrek antolatzaileen lana baldintzatu duela adierazi du Kaiet Bidaurre auzo elkarteko kideak. «Lasaiago aritu gara lanean, eta egitaraua apalagoa da», esan du. Hala ere, ez dira faltako lehen ediziotik egiten dituzten patata tortilla eta postre lehiaketak nahiz amaierako bazkaria. Aurten, Euskal Parrillaren eskutik izango da.
Lehiaketa gehienetan izena emateko aukera dago oraindik. Horretarako, bi bide erabili daitezke: 688 740 163 telefonora deitu edo berazubiauzoelkartea@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzi.
Bonba jaleen bila
Arestian aipatu bezala, bonba jaleen txapelketak herritar andana erakarri du azken urteetan Berazubi auzora. Hurrengo larunbatean izango da, apirilaren 25ean, eta 19:00etan hasiko da. Bidaurrek nabarmendu du «ekitaldi polita bezain arriskatua» dela, herritar asko joaten delako ikustera «morboagatik», baina ez parte hartzera, hau da, bonbak jatera; antolatzaileek azken unera arte ez dute jakiten zenbat parte hartzaile izango diren, eta bonbak aurrez eskatu behar izaten dituzte. Izena emateko, lehen aipatutako bi bideak erabili daitezke: 688 740 163 telefonoa edo berazubiauzoelkartea@gmail.com helbide elektronikoa. Egunean bertan ere egongo da aukera, txapelketa hasi baino ordu erdi lehenagora arte.
Hori dela eta, auzo elkarteko kideak esan du antolatzaileentzat egokiena izango litzatekeela aurrez parte hartzaileen zerrenda bat izatea. «Iaz, hamaika parte hartzaile izan ziren; ez dago gaizki. Ea aurten horietako gehienek parte hartzen duten eta parte hartzaile berriak animatzen diren». Gainera, txapelketaren formatua parte hartzaile kopuruaren araberakoa izaten da. Iaz, lehenik, kanporaketa bat egin zuten, eta hori gainditu zutenak finalera sailkatu ziren. Azkenean, Aron Rozas izan zen onena, 15 bonba jan eta gero.
Iazko irabazleak, ordea, ezin izan zuen urtebete lehenagoko txapeldunak ezarritako errekorra gainditu: 16 bonba eta erdi. Hala ere, 100 euro irabazi zituen. Aurten ere, sari bera lortuko du bonba jale onenak. Hori gutxi ez eta, errekorra hausten duenak, 50 euroko gainsaria eskuratuko du.
VII. Gastronomikako egitaraua:
- Apirilak 20, astelehena
- 19:00. IV. Ogitarteko Lehiaketa.
- Apirilak 21, asteartea
- 19:00. Joxe Mari Barriolaren produktuekin uztartutako dastaketa. Edukiera beteta.
- Apirilak 22, asteazkena
- 19:00. IV. Errusiar Entsaladilla Lehiaketa.
- Apirilak 23, osteguna
- 19:00. Tolosaldeko IV. Pintxo Lehiaketa. Izena eman behar da.
- Apirilak 24, ostirala
- 19:00. Tolosako VII. Patata Tortilla Lehiaketa.
- 19:00. Food truck-ak.
- 20:00. DJ Small.
- Apirilak 25, larunbata
- 11:00. Tolosa eta Ibarrako elkarte gastronomikoen arteko VI. Parrilla Lehiaketa, Carnicas Goya etxeko txuletekin.
- 12:00. Food truck-ak.
- 12:30. 12 urtera arteko haurren postre ikastaroa. Izena eman behar da.
- 17:30. VII. Postre Lehiaketa.
- 19:00. IV. Bonba Jaleen Txapelketa. Izena eman behar da.
- 19:00. Food truck-ak.
- 19:30. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako musika Izaskun Kearen eskutik.
- 23:30. Los Cañoneros taldea; pop-rock tributua.
- Apirilak 26, igandea
- 11:00. Tolosa eta Ibarrako elkarte gastronomikoen arteko VII. Bakailao Lehiaketa.
- 11:30. Food truck-ak.
- 14:30. VII. Gastronomika amaierako bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik. Txartelak auzo elkartean daude salgai. Prezioa: 50 euro.
- Menua:
- Iberikoak
- Gula eta ganba entsalada epela
- Itsas zapoa
- Sekretu iberikoa
- Hostopila natillekin
- Ogia, edaria eta kafea
- Menua: