21 diru laguntza lerroko deialdi bateratua abiatu dute Tolosan

Ataria 2026ko apirilaren 15a

Udalak diru gehiago bideratu du alokairua ordaintzen laguntzeko eta etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzetara.

Landa-eremua ere etxebizitzak birgaitzeko hirigintza-dirulaguntzen onuradun izango da eta alokairuarekin laguntzeko diru laguntzetara 30.000 euro gehiago bideratuko dituzte.

Tolosako herritar, elkarte eta eragileei bideratutako diru laguntza deialdi bateratua argitaratu berri du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, laguntza-lerro guztien oinarriak jasotzen dituena. Ohikoa baino lehenago heldu da aurtengo deialdia, laguntzen tramitazioa arintzen ahaleginduko direlako.

Denera, 900.000 euro inguru banatuko ditu Tolosako Udalak deialdi honen bitartez, lehia bidezko eta lehiarik gabeko 21 diru laguntza lerrotan banatuta, nahiz eta kasu batzuetan kopuru handiagoa banatzeko aukera ere izango den. Arlo hauetakoak dira diru laguntzak: etxebizitza, hirigintza, gizarte-zerbitzuak, euskara, kultura, gazteria, berdintasuna, kirola, merkataritza eta garapen ekonomikoa. Esteka honetan ikusi daitezke diru laguntza lerro bakoitzaren xehetasunak eta oinarriak.

Horrez gain, udalak laguntza gehiago bideratuko ditu: laguntza izendunak kasu, hau da, elkarteei zuzenean esleitzen zaizkienak. Beste diru laguntza batzuk —inauteriei lotutakoak, edo hezkuntza alorrekoak, esaterako—, urteko beste sasoi batzuetan argitaratzen dituzte. 

Aldaketa nabarmenenak

Diru laguntza gehienen oinarrietan ez dago aldaketa esanguratsurik, baina zenbait kasutan aldaketak egin dituzte iazko deialditik hona. Hauek dira aldaketa nabarmenenak:

  • Etxebizitza: diru gehiago bideratu dute alokairua ordaintzen laguntzeko eta etxebizitza hutsak birgaitzeko laguntzetara. Iaz 58.800 euro bideratu zituzten; aurten 90.000 euroko poltsa izango du laguntza honek. Eskaerak egiteko epea ere aldatu dute. Orain arte abuztuan izan da; aurten, ekainaren erditik uztailaren erdira egin daitezke.
  • Hirigintza: onuradunei dagokie aldaketarik esanguratsuena. Orain arte hiri-eremuko bizilagunei zuzendutako laguntzak bakarrik ziren; aurten, udalerri osora ireki dute deialdia, horrenbestez, landa-inguruneko bizilagunek ere eskatu ditzakete diru laguntzak etxebizitzak birgaitzeko. Progresibitatean sakondu asmoz, diruz lagundu daitezkeen gastuen ehunekoak ere aldatu dituzte, diru-sarreren arabera. Deialdia bera sinplifikatzeko helburuarekin, laguntzak ez dira bereiziko elementu komunen edo pribatiboen arabera.
  • Gizarte zerbitzuak: 15.000 euro gehiago bideratu dituzte gizarte zerbitzuen eta osasunaren alorrean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko elkarteetara, proiektuak, programak eta ekintzak sustatu eta garatu ditzaten. Bi urtez behin eman ohi den laguntza bat bideratzea egokitzen zaio aurten udalari, hain zuen, garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza-proiektuak egiteko lerroarena.
  • Merkataritza: enpresa-ekimen bat abiatuta negozio berriak sustatzeko (Ekin) eta negozio baten eskualdaketa egiteko (Berriz) helburua duten bi diru laguntzen kasuan, poltsa handitzeko aukera ezarri dute aurten. Ekin laguntzaren kasuan, 80.000 eurokoa da poltsa, eta beste 50.000 euro gehitzeko aukera jarri dute; Berriz laguntzan, 45.000 euro bideratzen dira, eta aurten beste 20.000 txertatu daitezke.

Eskaerak egiteko epea zabalik

Diru laguntza lerro gehienen kasuan, dagoeneko egin daiteke eskaera (ikusi hemen lerro bakoitzaren epeak). Bi modutara egin daitezke eskaerak:

  • Online: Udalaren egoitza elektronikoan, webguneko tramiteen atalean.
  • Presentzialki: UDATEn, herritarren arreta-zerbitzuaren bulegoan.

Eskaerak egiteko azken egunak aldakorrak dira, diru laguntza bakoitzaren arabera. Eperik laburrena 20 egun naturalekoa da —hau da, jaiegunak barne—; hortaz, apirilaren 30a baino lehen egin beharko dira izapideak. Beste batzuetan zabalagoa da epea.

Eskaerak erregistro elektronikotik nola egin jakiteko gida eta bideo tutoriala eskuragarri daude. BakQ ziurtagiri elektronikoa nola eskuratu ere azaltzen da webgunean. Informazio gehiagorako, dagokion sailarekin jarri behar da harremanetan, 010 (deia Tolosatik bertatik egiten bada bakarrik) edo 943 65 44 66 telefonoetara deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!