Puntu-puntuan, 20:00etan jokatu dute lehen partida, eta 24 orduz jarraituko dute, etenik gabe. Tolosako Gazte Asanbladak (TGA) lehen aldiz antolatu du 24 orduko areto futbol txapelketa —aurretik TEEP Samaniego Orixe klubak antolatu izan du zenbait urtez—, eta dagoeneko jokoan dira norgehiagokak.
Lau multzotan banatuta, guztira, hamazazpi taldek hartuko dute txapelketan, eta Uzturpe frontoian izango dira partida guztiak. Lehenik, multzokako faseko partidak jokatuko dituzte, bihar eguerdira bitarte gutxi gorabehera. Hortik aurrera multzo bakoitzeko bi talde onenek egingo dute, eta eguerdian final-laurdenak jokatuko dituzte.
Arratsaldean jokatuko dituzte, berriz, finalerdiak eta hirugarren zein laugarren postua ebazteko norgehiagokak, eta txapelketako talde onena erabakitzeko partida, finala, 19:00etan hastea aurreikusten dute.
Eskaintza osoa
Asanbladako kideek adierazi dutenez, doako kirol eskaintzaren alde lanean ari dira, eta horren adibidetzat aipatu dituzte arraun txapelketa, Egurra Borroka Taldearen entrenamenduak eta Gazte Eguna. Ikasturte honetarako «zerbait berria» proposatu nahi zuten, eta herriko gazteek areto futbola atsegin dutela-eta, 24 orduko txapelketa antolatzea pentsatu zuten.