Bueltan da 24 orduko areto futbol txapelketa Tolosan. Zenbait urtez, TEEP Samaniego Orixe klubak antolatu izan zuen. Aurten, berriz, Tolosako Gazte Asanbladak hartu nahi izan du ardura. Azken urteotan, doako kirol eskaintzaren alde lanean dihardu asanbladak; besteak beste, arraun txapelketa, Egurra Borroka Taldearen entrenamenduak eta Gazte Eguna antolatu dituzte. Ikasturte honetarako zerbait berria proposatu nahi zuten, eta Tolosan nahiz herriko gazteen artean areto futbolak duen zaletasunaz jakitun, 24 orduko txapelketa antolatzea pentsatu zuten, «24 ordukoa izateak ematen dion bereizgarritasunarekin».
Uzturpe frontoian jokatuko da, eta 17 taldek parte hartuko dute lau multzotan banatuta. Izenak dioen moduan, hogeita lau orduz martxan egongo da txapelketa: gaurko 20:00etatik biharko 20:00etara. Lehenik, multzokako faseko partidak jokatuko dituzte, bihar eguerdira bitarte gutxi gorabehera. Multzo bakoitzeko bi talde onenek aurrera egingo dute, eta eguerdian final-laurdenak jokatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, finalerdien, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidaren eta finalaren txanda izango da; azken hau 19:00etan hasiko da.
Sari bikainak izango dira jokoan. Talde irabazleak nekazaritza-turismo batean ostatua lortuko du; bigarren sailkatuak, sagardotegi batean otordua; eta hirugarren sailkatzen denak zenbait produkturekin osatutako saskia.
Antolatzaileek adierazi dute antolakuntzaren bidez hauspotzen den kirol eskaintzaren parte dela txapelketa. «Helburua da herriko gazteek doako kirol eskaintzaz gozatu eta antolakuntzarako bidean aletxoa jartzea». Lehen aldiz antolatu du txapelketa gazte asanbladak. Hori dela eta, aurtengoa «probarako edizioa» izango dela nabarmendu dute. «Herritarrak animatzen ditugu txapelketa ikustera eta parte-hartzaileak animatzera joan daitezen», gaineratu dute.