Tolosako udalbatzak martxoan onartutako dekretuen berri eman du azken osoko bilkuran. Horietako batek «izaera berezia» duela adierazi du Andu Martinez de Rituerto alkateak, 2025eko urrian Tolosako Foro Errepublikanoko kideek eta tolosar independente batek erregistratutako idatziari erantzuten baitio. Eskutitz horretan, gaur egungo Nafarroa etorbidea kalearen izenaren bilakaeraren berri eman zuten, eta bi eskaera egin zituzten. Orain, Nafarroa etorbidearen esanahia aldatzea eta jatorrizko izenari aipamena egiten dioten bi plaka jartzea onartu dute.
1931ko uztailaren 21ean, Errepublika indarrean sartu eta lau hilabetera, erdigunean sortutako kale berria Errepublika kalea izendatu zuen udalak. Handik bost urtera, 1936ko abuztuaren 21ean, indar frankistak Tolosan sartu eta hamar egunera, ilegalki sortutako udalbatza berriak gaur egun duen izena jarri zion, nafar matxinoen omenez. 1979ko uztailaren 15ean, berriz, orduko udalbatzak Frankismoa goratzen zuten kale askoren izenak aldatzea erabaki zuen, baina Nafarroa etorbideari ez zioten aipamenik egin.
2012ko apirilaren 24an, Gaztelak Nafarroa inbaditu zueneko 500. urteurrenaren ospakizunen barruan, Nafarroa etorbideak eta Foruen etorbideak inguratzen duten parkeari Amaiur izena jartzea erabaki zuen orduko udalbatzak. Eta 2014an, Memoria Historikoaren Legea aplikatuta, frankistek Nafarroa etorbidean jarritako burdinazko bi plakak kendu zituen udalak. Jatorrizko izendapenaren aipamenik, ordea, ez da ageri inon.
Gaur egungo izenak herrian onarpen handia duela kontuan hartuta, ez dute kalearen izena aldatuko, baina bi eskaera egin ditu Foro Errepublikanoak: «batetik, etorbidearen izenaren historia ezagutzera ematea; bestetik, izenak jatorrian izan zuen esanahia aldatu eta Euskal Herriaren muina den Nafarroarekin lotzea, matxinoekin beharrean, 2012an Amaiur parkearekin egin zen bezala».
Amaiur parkea izendatzeko ekitaldia, 2012an. I. TERRADILLOS
Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek egin dute bat eskaerarekin, eta Nafarroa etorbideak jatorrian zuen esanahia aldatzea adostu dute. Horren lekukotza gera dadin, Foro Errepublikanoko kideek eskatu bezala, apirilaren 14an, Errepublikaren Egunean, bi plaka jarriko dituzte Nafarroa etorbidean, alde bakoitzean bana. Bi testu egongo dira horietako bakoitzean, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz: Errepublika kalearen oroimenez. Hori izan zen etorbide honen lehen izena, 1931ko uztailaren 21etik 1936ko abuztuaren 21era. 19:30ean izango da ekitaldia, eta bertan egongo da, besteak beste, Garbiñe Biurrun epaile tolosarra.
Konpondu gabeko arazoetako bat
Foru Errepublikanoko kideek udalbatza eskertu dute proposamena onartu eta aitortza instituzionala egiteagatik. «Duela 90 urte indar frankistek egindako bidegabekeria konponduko dugu. Tolosar guztien artean izen ezaguna den arren, herriaren memoria historikoan konpondu gabeko arazoetako bat zen», esan dute. Tolosako Artxibo Historikoko arduraduna ere eskertu dute, garai bateko udaletxeko agiriak emateagatik.
Udalbatzak hartutako erabakia Errepublikaren Egunean berrestea espero dute, herritarren parte-hartzearekin eta udalbatza ordezkatzen duten alderdi politikoen presentziarekin. «Espero dugu guztiak joatea, Nafarroa etorbidearen gaur egungo izena duintasunez eta emozioz ospatzeko eta 1931n bataiatu zen izen demokratikoa maitasunez gogoratzeko».
Halaber, azken osoko bilkuran gertatutakoari esker, Tolosak «Espainiako Gerran egindako zitalkeriak konpontzeko aurrerapauso garrantzitsua» eman duela iritzi dute errepublikazaleek. «Ankerkeria horien aztarnak oraindik ere ikusgai daude». Bilkuran bertan gogora ekarri dute Izaskungo elizan dagoen horma-irudia: «1939. urtekoa da, eta tropa kolpistek ama birjinari eskerrak emateko eszena bat irudikatzen du. Bertan, garaileen uniformea soinean jantzita daraman haur baten irudi errugabea ikusi daiteke».
