Urtarrilaren amaieran abiatu zuen Tolosako Udalak Arrillaga plazako –Larramendi auzoan, Voith-Gorostidiko 2. lurzatian– jabari publikoko eta udal titulartasuneko aparkaleku-plazak hamar urterako emakidan emateko prozedura. Hilabeteko epea zabaldu zuen eskaerak egiteko; bada, tarte horretan, herritar batek idatzia aurkeztu zuen, baldintza-agiriaren hainbat puntu berraztertu eta aldatzeko eskatzeko. Birjarpen-errekurtso izaera eman zaio eta, dagokion azterketa juridikoa egin ondoren, eskaeretako bat onartu egin dute.
Hain zuzen, baldintza-pleguaren bigarren kapituluan, eskatzaileen baldintzak ataleko laugarren artikuluan, Tolosan beste garajerik ez izatea eskatzen zen, ez jabetzan, ez emakida, azalera eta gozamenean. Salbuespen gisa, zehaztu zen eskatzailea bizi den etxebizitzari atxikitako garaje baten jabe izan zitekeela (etxebizitzaren erregistro-finka bera). Etxebizitzari atxikitako garajea eta erregistro-finka bera izatea baldintza diskriminatzailea izan daitekeela ebatzi dute, babes ofizialeko eta etxebizitza tasatuko jabeen aldeko baldintza delako, eta auzo berean etxebizitza libreak erosi zituztenen kontrakoa, hauek garajea libreki erosi zutenez, beste finka erregistral bat bezala erregistratuta dituztelako garajeak.
Horrenbestez, eskatzailearen etxebizitzan bizi diren guztien artean, gehienez ere, garaje bat izan dezakete Tolosan; salbuespena izango dira udal-aparkaleku publiko baten titularrak direnak. Eskatzaileak edo bizi den etxebizitzako beste okupatzaileren batek beste garaje bat badu, garaje horren titulartasuna aitortu eta egiaztatu beharko du, Jabetza Erregistroaren ohar soila edo eskritura publikoa aurkeztuz.
Hori dela eta, eta baldintza-plegua aldatu egin denez, eskaerak egiteko epea hilabetez luzatu dute. Eskaerak egiteko azken eguna, beraz, apirilaren 25a izango da; esteka honetan egin daiteke. Behin epe hori igarota, aurrez definitutako esleipen-prozedura jarraituko du. Luzatu egingo da ere gaur egun garajea erabiltzen dutenentzako epea: apirilaren 17a izango da giltzak entregatzeko eta ibilgailuak bertatik ateratzeko azken eguna.