Tolosako Udalak abiatu du Arrillaga plazan (Arramele auzoan, Voith-Gorostidiko 2. lurzatian) dauden aparkaleku plazak hamar urterako eskaintzeko prozedura. Herritarrek gaurtik otsailaren 20ra bitarte eskatu ditzakete plaza horiek. 105 dira guztira; 53 aparkaleku 2. sotoan, horietako bi mugikortasun urri iraunkorreko eskatzaileentzat, eta
52 aparkaleku 3. sotoan, horietako bi mugikortasun urri iraunkorreko eskatzaileentzat. Eskaerak udaleko erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira, edo Udatera joanda. Erabiltzaile izateko eskubidea lortzeko baldintzak hemen.
Informazio saioa eta laguntza
Deialdiaren inguruan informazio gehiago emateko, ostegunean, hilak 22, bilera irekia egingo dute udaletxeko pleno aretoan, 18:00etan. Horrez gain, eskaera epeak irauten duen bitartean, hau da, otsailaren 20ra arte, zalantzak argitzeko eta eskaerekin laguntzeko arreta zerbitzua eskainiko dute Udaten, astelehen eta asteazkenetan, 08:00etatik 14:00etara bitarte.
Nola egingo da esleipena
Jasotzen diren eskaera guztien dokumentazioa egiaztatu eta gero, onartutakoekin zozketa publikoa egingo dute plazak esleitzeko. Aurrerago jakinaraziko dituzte behin behineko eta behin betiko onartutakoen zerrendak, baita zozketaren deialdia ere. Zozketaren prozedura, berriz, honakoa izango da: 39 plaza Arramele-Arkaute (Larramendi kalea, San Joan plaza, Uzturre kalea, Trinkete plaza, Ibaiondo kalea) eta 2. Eremuko Santa Lutzia inguruko bizilagunen artean zozkatuko dituzte; 62 plaza Alde Zaharra eta Santa Klara eremuko bizilagunentzat izango dira, aparkalekuen azterketaren arabera, defizit handiena duen eremua baita, eta apenas baitago garajerik eremu honetan; eta 4 plaza mugikortasun urri iraunkorreko eskatzaileentzat izango dira.
Talde horietako bakoitzean zozketa egin eta aparkaleku plazak esleitu gabe geratuko balira, beste taldeetako eskatzaileen artean zozkatuko lituzkete. Aparkalekuak esleitzeko zozketan, honako lehentasun-ordena hau erabiliko da: lehentasuna izango dute gune horietan bizi baina garajerik ez dutenek; bigarren, adierazitako guneetan, eskatzailea bizi den etxebizitzari atxikitako garaje baten jabea bada; gero, udalerriko gainerako eremuetan bizi diren pertsonak, beti ere, ezarritako gainerako baldintzak betetzen badituzte; eta azkenik, Tolosan bizi ez diren eta Tolosan jarduten duten pertsona fisikoak.
Zenbat balio du eta zein eskakizun ditu erabiltzaileentzat?
2026 urterako ezarritako tasa 545 eurokoa da. Tasa urtero ordainduko da apirilaren 1etik maiatzaren 15era bitarte, eta zerga-ordenantzetan ezarritakoaren arabera eguneratuko da. Helbideratutako ordainagiriak borondatezko aldiaren azken egunean kobratuko dira. Aparkalekuen titularrek emakidadunen erkidegoa eratu beharko dute.